Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-03-03

I+G+Bn sinisten al dugu?

Bart Euskadi Ikerketa Sarien emate-ekitaldian izan nintzen. Zorionak lehenik Jon Markaideri eta Gurutz Jauregiri. Xumea izan zen ekitaldia, xumeegia akaso bertan izan ginenen kopuruari begira, edukia zorionez bestelakoa izan zen eta, saridunen hitzaldiak bereziki. Jende gutxi egon ginen, sarituak eta familiartekoak, lehenago Euskadi sariak jasotakoak, unibertsitateetako arduradun batzuk, Hezkuntza saileko ordezkaritza sendoa,… Ikerketaren munduarekin lotutako jende asko falta zen, apenas egon zen Saretek osatzen duten agenteen ordezkaririk. Non ziren zentro teknologikoak? Bide batez, I+G+B alorrean ardura nagusia duen Industria sailaren ordezkari esanguratsurik ez nuen ikusi. Herri honetako kultur erakunde pribatu adierazgarrienen ordekaririk ez nuen ikusi: ez Euskaltzaindiakorik, ez Eusko Ikaskuntzakorik, … Euskal kulturaren mundukorik ere ez. Politikariak, besteetan saldoka egoten direnak: dozena erdi bat espektro politiko osoari begira; PSEkorik ez, Batasunakorik ez, ardura instituzionalak zituztenez aparte EAkorik ez; mundu sozio-ekonomikoaren arrastorik ez, … Ez dakit zeinena den erantzukina gonbidapenak egin zituenarena, gonbita jaso eta paso egin zuenarena edo biena, baina Jonek eta Gurutzek errekonozimendu beroagoa behar zutelakoan nago.
Ekitaldiak prentsan izan duen isla negargarria izan da. Berrian argazki-berria; Deian luzeagoa etxekoa baita, baina han esandako mamiaz deus gutxi; Garan eta DVn ez dut arrastorik aurkitu, atzen honetan Gasteizen izan zelako, akaso.
Zertara datorren erretolika hau pentsatuko duzu honez gero. Bada, Ibarretxe lehendakariak esan zituen hitz batzuen harira. Europarekin konberjentzia lortu omen du EAEk errenta-mailan zein langabezi-tasan. I+G+B alorrean ere konberjentzia lortzea helburu nagusitza jo zuen etorkizunerako. Bide horretan, oinarrizkotzat jo zuen gizartea konbentzitzea I+G+Bn inbertitzea ezinbestekoa dela. Guztiz ados Ibarretxerekin, baina atzoko ekitaldiaren erantzunak oso urrun gaudela erakusten du, herri honetan Nihat-en ebakuntza lehen orrialdeko berri izan daiteke, Euskadi Ikerketa sariak ordea…

posted by Inaki at 12:27 PM