Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-11-29

Ez adiorik

  1. Etxe hau utzi eta bizilagun gutxiago izango ditudan beste batera noa. Unibertsitatea.net izango dut aterpe xume beste blogari euskaldun batzuen abaroan eta horrek blog hau aberastuko duela espero. Han izango nauzue zuen bisiten zain. Izan untsa.

posted by Inaki at 10:49 PM | 32 comments

2006-10-30

Zientzia eta gizartea, Janoren irudi (Izarren Hautsa, 00-12-26)

Fortunatu zait ‘Izarren Hautsa’ zutabe honen urteko, mendeko eta milurtekoaren atzen artikulua idazteko patua. Kabalan sinistuko banu, Jaunaren hatzak seinalatuta eginkizun erraldoi bat burutzera deitua nintzela pentsa nezakeen. Ez da horrela, ordea; hegoak, epelarekin batera, ekarritako mentura baizik.
Joandakoaren errepasoa egin beharko nuke edo, apika, datorrenaren igarkizuna. Asmorik ez. Zientziaren mendea deitutako honen loriak beste batzuk kantatu beharko dituzte. Milurteko berriaren nondik norakoak ikuskizun dira. Joandakoaz gogoeta egingo dut, hala ere.
Zientziaren eta teknologiaren aurrerabidea ziztu bizian ibili da XX. mendean, baina aldaketa-abiada esparru hori gainditu eta gizarte-jardun orotan jazo da. Emakumeek etxeko zokoa laga dute. Gizartean ardura- eta aritze-alorrak okupatzen ari dira, oztopoak oztopo, geldiezinezko prozesu batean. Kolonialismoa puri-purian zegoen duela ehun urte eta gerra eta gatazken kausa zen. Orain, garai bateko hura historia da, nahiz eta unibertsalismoz mozorrotutako beste kolonialismo molde bat deslai dabilen.
Gizartearen eboluzioaren alderdi bi hauek nekez azal daitezke zientziaren eta teknologiaren garapenaren ezean. Mendearen lehen hamarkadetan garatutako etxeko tresna elektrikorik gabe, emakumeen eskubide berdintasunaren alde aurreratzen ari zen iraultza ideologikoak, gaitzago izango zuen emakumea supazterretik ateraraztea. Antisorgailuek bestetik emakumeari amatasunaren kontrola ekarri diote, bere gizarteratze-prozesuan giltzarri izan dena.
Kolonialismo klasikoaren gainbeheran irrati eta telebistak jendeen esku jarritako informazioak pisu erabakigarria izan zuela agerikoa da. Estatu Batuek ez zuten gerra Vietnamgo oihan, padura eta arroz-soroetan galdu, etxeko iritzi publikoaren joko-eremuan baizik.
Aurrerapen zientifikoa eta gizartearen aldaketa ideologikoa batera doaz: prozesu baten bi aurpegi dira. Lehenak, gainera, bigarrenaren bilakaera eragin eta laguntzen du. Horregatik, ez da harritzekoa zientzi ezagutzan eta teknologiaren aplikazioan iraultza ekarri dituen mendeak gizartearen jarrerak eta ikusmoldeak ere iraultzea. Eta etorkizunean horrela izango da; injinerutza genetikoaren jabe den gizartea, esaterako, gaur ez bezalako bat izango da ideiaz zein jokabidez.

posted by Inaki at 10:12 PM | 5 comments

Euskal curriculuma eta zientzia

Aurreko zapatuan (2006-10-28) Eugenio Arraiza adiskideak Euskal Curriculum delako horri buruzko iritzi-artikulu bat idatzi zuen Ramon Zallo EHUko irakasleak idatzitako txosten baten harian.
Artikulua irakurrita pasarte honek erakarri zuen nire atentzioa:
«eskolaratzearen bukaeran ikasleriak ezagutza edukiei dagokienez zera lor dezan:
a) Egungo munduko hiritar baten beharrezko ezagutza tekniko-zientifikoa eta instrumentala jasotzea».
Uste duzu 3-16 urteko pertsonagai bati lehengo eta behin eskolak eman behar diona hori dela? Zuk azpimarratutako kontzeptuak, gainera, tekniko-zientifikoa aski ez balitz «instrumentala» ere izatea, gogorregia zait: eskola hozkailuarena, robotika. Gizakiarena ez behintzat. Politika ekonomiko zehatz baten langile instrumentalak lortzeko ote?

Tonua harritu egin ninduen eta ludismo kutsua hartu nion. Ramon Zalloren originala bilatu nuen eta Eugeniok transkibatutakoa baino ez zekarren. Ez zegoen besterik. Kezka sortu zidan Eugeniok idatzitakoa.Euskal Curriculumaren izpirituarekin bat etor ote zitekeen? Ludismoz eta zientziarekiko eszeptizismoz kutsatuta al dago curriculuma? Jo dut Euskal Curriculumaren oinarrizko txostenera eta, egia esan, argi handirik ez dut topatu. Harritu eta kezkatu egin nau, Fisika eta kimika hitzak edukien dekripzioan aurkitu ez izana eta horiek Natur Zientziak eta Osasun zientziak delako zaku batean sartuak egotea. Era berean, zaku horren eduki-multzoen adibideak aipatzean hauek agertzen dira: 1.- Lurra eta unibertsoa; 2.- Materia; 3.- Aldaketak materian; 4.- Izaki bizidunak; 5.- Gizakia eta osasuna; 6.- Zientzia testuinguruan; 7.- Zientziaren historia eta natura. Hori baino gehiago izatea espero dut. Non dira fisikaren eta kimikaren oinarrizko kontzeptuak? Azelarazioa eta abiadura bereizten ikasiko al dute? Egia esan Teknologia delako beste zaku batean eduki-multzoen adibideetan hauek aipatzen dira: 4- Elektrizitatea eta elektronika; 5.- Energia eta transformazioa. Horien aurretik zinematika eta dinamika falta direla uste dut.
Iruditzen zait fisika eta kimika matematika bezain oinarrizkoak direla gaurko mundua, gizartea eta kultura ulertzeko. Euskal curriculumean matematikak alor berariazkoa du eta oso ondo deritzot. Fisikak eta kimikak zergatik ez? Nekez uler daitezke biokimika, genetika, nanozientziak, ingurugiro-zientziak eta enparauak fisika eta kimikazko oinarrizko kontzeptuak ondo entenditu gabe eta horietaz jabetuta egon gabe. Noiz lortuko dute horik ikasleek? Derrigorrezko irakaskuntza utzi eta gero, baldin eta zientziako batxillergoa ikasten badute? Ez da hori bidea, nik uste. Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzan integratu behar da kimika eta fisikaren oinarrizko kontzeptuen ikasketa eta ulerketa, hain zuzen ere, ikasle guztiek aukera izan dezaten horietaz jabetzeko ez soil-soiliok zientziaren aukera hartu dutenek. Guztiek baliatu beharko dituzte inguratzen duten mundua ulertzeko eta aukera egiteko.
Espainiako Fisika eta Kimikako Errege Elkarteek beren kezka agertu zuten joan den ekainean argia ikusi duen txosten batean. Ondorioetako batzuk ondoren:
Estatuko derrigorrezko bigarren hezkuntzako fisika eta kimikazko edukiak, maila eta ordu-kopurua, ez dira nahikoak inguruko herri aurreratuekin konparatuta. Gainera, bi horiei esleitzen zaien ordu-kopurua beherantz doa. Eta ondorioz, ikasleen maila oso baxua da.
Kezka dut Euskal Curriculumak aje berak ez ote dituen izango. Garbi dut DBH bukatzen duten ikasle orok, matematikazko oinarri sendo bat izateaz gain, fisika eta kimikazkoa ere behar dutela. Hori dela eta segurtatu beharko litzateke, gutxien-gutxienik DBHko bi ikasturtetan fisika eta kimika derrigorrezko gaiak izatea eta matematikaren maila ordu-kopuru berarekin.

posted by Inaki at 10:03 PM | 8 comments

2006-10-16

hidrogenoa erregai

Inoiz lehenago mintzatu izan gara hidrogenoaren ekonomiaz blog honetan. Urrun senti daitekeen teknologia gero eta gertuago ei dugu. Auto-fabrikatzaile handienek abian dituzten hidrogenoz ibiliko diren automobilak egiteko ikerketa- eta garapen-programak. Europako hainbat hiritan CLEAR egitasmoaren baitan hidrogenoz dabiltzan autobusak probatzen ari dira. 'Aurreurratsak baino' pentsa lezake irakurleak. Errealitatea ordea ate joka ari da eta BMW erraldoi automobilistiko alemaniarrak hidrogenoz dabilen lehen serieko autoa aurkeztu berri du. Hydrogen 7 du izena eta luxuzko berlina bat da. Berlina horren motoreak super gasolina zein hidrogenoa erretzeko gauza da. Auto honen prestazioak ez dira txantxetakoak eta 250 kn/h-ko abiadura har dezake, bere mailako beste edozein autok bezala. Hydrogen 7 ez dator bakarrik eta bera hornitzeko munduko lehen hidrogenotegia eraikiko Munich-en. Hots, teknikoki ez da hidrogenozko erregai-pila batek produzituko energia elektrikoz ibiliko den autoa, orain arteko teknologia-garapen handienak hortik joan badira ere, baizik eta tanga batean bildutako hidrogenoa zuzenean erreko duen autoa.
Hidrogenoa energia garbia da jakina, erretzeak ur-lurruna baino ez baitu sortzen. Alabaina, hidrogenoa ekoizteak energia handia behar du, ez baita naturan, gure planetan, huts aurkitzen. Izarretara edo gasezko planeta erraldoietara joan beharko genuke naturan hidrogeno purua aurkitzeko. Hor du teknologia horrek ahulezia. Nola produzitu hidrogenoa merke, ugari eta ondorio ekologiko gaiztorik gabe? Energia nuklearra usatzea proposatzen duten batzuk: zartaginetik sutara! Arazo horri egoki aurregiteak izango du hidrogeno-ekonomiaren etorkizunaren giltza. Herri batzuetan bideak aurkituz dituzte edo natura oparitu egin dizkie. Islandia hidrogenoa uretatik isolatzeko bertan ugaria eta naturala den energia geotermikoa baliatzea proposatzen dute. Erronka bat ere jarri dute 2020rako hidrogenoaren ekonomia guztiz garatuta izatea.
Izango al da Islandia XXI. mendeko Ekialde Hurbila?

posted by Inaki at 10:12 PM | 4 comments

Ideiak (Izarren Hautsa, 00-11-28)

Zientziaren historiari erreparatzen badiogu, ideiak baztertu eta zokoratu izan dira, sarri, egia nagusi eta ukaezin baten izenean. Galileo eta ‘eppur si mouve’ esaldia burura etor dakiguke tupustean. Alta bada, ez dugu Inkisizioaren garairaino joan behar ideia zientifikoaren baztertzearen etsenpluak aurkitzeko. Axolagabekeria izaten da batzuetan arrazoia, ikusi nahi ez izana beste batzuetan. Mendelen ilarren esperimentua koka dezakegu lehenen artean eta Wegener eta kontinenteen jitoa bigarrenen multzoan.
Ideia zientifiko iraultzaileen defentsa bazterkeriarekin ordaindu izana tamalgarria izanik, kontsolamendua ere bada, batzuen batzuk biziarekin zorra kitatu izana kontuan hartzen badugu: Giordano Bruno lekuko.
Alabaina, ez datoz lerro hauek zientziaren martirien gorazarre eta ohore egitera. Aitzitik, ideien askatasunaren eta hilezkortasunaren alde deiadar egitera datoz. Pentsatu eta adierazi izana hil dute egunotan, beste pentsamendu eta adierazpen batzuen gerizpean. Biak zilegi, biak beharrezkoak, baina ez hiltzeko arrazoi. Ideia eta pentsamoldeen kontrajartzean, eztabaidatzean eta kateatzean egin du zientziak aurrera. Isilarazi edo zokoratu izanagatik ez dira ideiak desagertu, gerora berriz azaldu dira temati eta zuzenak izan direnean ezagutza zientifikoaren osagarri bihurtu dira.
Euskal Herria ere ideien eztabaidaren eta elkarrekiko errespetuaren oinarriaren gainean eraiki behar dugu, iraunkor eta sendo nahi badugu behintzat. Gure Herria beste herrien parean ikusi nahi dugunok, Ernest Lluch bidaide izango genukeen bidearen zati batean, aurkari beste batean, baina ideien eta pentsamoldeen borrokaren esparruan beti ere. Aukera hori ezereztu dute, beren burua egia berdaderoaren jabe eta jagoletzat dutenek.

posted by Inaki at 10:03 PM | 22 comments

2006-09-30

Matematikaren urtea eta gero …(Izarren Hautsa, 00-10-31)

Matematikaren urtea badoa joan. Zientzia guztien oinarria den jakintza horren lilura sortzea zen ospakizunaren helburua. Gizarteari ‘matematika bizirik dago’ aldarrikatu zaio. Zutabekide izan dugun Maria Jesus Estebanek maisuki erakutsi digu, 2.000 karaktereko zutabearen laburrean, matematika zein funtsekoa den teknologiarik berrienak ere garatzeko. Asmo berarekin aritu dira makina bat matematikari mundu osoan. Erdietsi al dute? Gizartea jabetu al da matematika iraganekoa ez ezik, etorkizuna eraikitzeko erreminta dela? Lilura piztu al da? Zalantzak ditut neronek. Inpresioa dut urtea joan badoala eta lehen matematikari naftalina usaina dariola eta kontuak egiteko baino ez duela balio pentsatzen zuenak uste horretan jarraituko duela, tamalez.
Zuetako baten batek iritzi hori badu, eskuartean dudan liburu bat leitzea gomendatuko diot. Denis Guedj matematikari frantsesaren ‘Loroaren Teorema’ (Le Théorème du Perroquet, El Teorema del Loro) izenekoa da, azpiizenburutzat ‘matematika ikasteko eleberria’ esaldi argigarria daramana. Izan ere, egileak matematikaren historian murgiltzen gaitu misteriozko eleberri baten hariari jarraituta. Dena dela, liburuaren orrialdeetan barna egin ahala, argitu nahi den misterioa da gutxieen inporta zaizuna eta matematika bera eta bereganako lilura bihurtzen dira protagonista. Egia aitortuko dizuet, matematikarekin adiskidetzen ari naiz. Kontuak egiteko baino zerbait gehiago bihurtzen ari zait. Erabilgarritasuna ez ezik, historia, kolorea, xarma eta bizia badituela jabetzen ari naiz: eskolan ikasi genituen Tales, Pitagoras eta Euklidez landa, al-Juarizmi eta Bhaskara ere izan zirela; zenbaki arabiarrak Arabian ez eta Indian asmatu zituztela; zenbakiak lagunak eta bikiak izan daitezkeela eta …
Eskolan, aitzitik, historiaren alderdi bat baino ez ziguten erakutsi: instrumentala. Aski kamutsa, bestalde, ohartzen ari naizenez. Lilura irazeki ez eta amatatu egin ziguten.

posted by Inaki at 12:33 PM | 10 comments

2006-09-28

Beste gune bat

Gune atzizkia itsatsita duten beste CIC bat (Centro de Investigación Cooperativa)sortuko da Donostia eta Biogune, Biomagune, Maegune eta enparauei erantsiko zaizkie. Nanogune Consolider (abizena zertarako?) du izena eta horrek ondo adierazten duenez nanomaterialak ikertzea izango du helburu. 40 milioi euroko inbertsioa izango da eta 6.000 metro karratuko egoitza izango du. Ongi etorri. Nanomaterialak etorkizuna dira oraindik. Espektatibak eta esperantzak handiak daude nanomunduak eskainiko dituen emaitzei buruz. Orain arte askorik ez du eman. Ikustear dago emango duena. Kezka batzuk ere sortu dira, mundu berriak zabaltzen diren guztietan gertatzen den legez: toxizitatea, poluzioa, … Arriskuak hartu barik, dena den, ez dago aurrera egiterik. Beraz, arriskuaz jakitun horiek kontuan hartu beharko dira nanomundua esploratzeko eta ustiatzeko. Oso egokia ikusten dut asmoa. Zientzia- eta Teknologia-alor berri honetan Euskal Herriak trena garaiz hartu ahal izango du eta horrek ondorio positiboak izango ditu, nanomunduak espero den guztia ematen ez badu ere; jakintza, esperientzia, eskarmentuak eta azpiegiturak metatuko ditugu eta.
Bestetik, oso pozgarria da ikustea lagun zaharrek nola egiten duten aurrera beren karretan. Izan ere, Txema Pitarke izango da nanoguneren zuzendaria; UEUn ezagututako fisikari azkar, pertsona jator eta euskaltzale fina. Zorionak Txema.

posted by Inaki at 8:21 PM | 24 comments

2006-09-23

Berandutxo

Atzoko hitzaldian Ibarretxe lehendakariak agindu zuen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plana urtea bukatu baino lehen onartuko zela. Bazen garaia! Izan ere, EAEn sustatuko den ikerketa eta garapenaren ardatz nagusiak definitzen dituen aurreko planak 2004ean zuen epemuga. Normalean plan berria zaharraren amaiera iritsi baino lehen diseinatuta egon beharko zukeen. Zergatik ez da horrela izan? Egia esan, ez dakit. 2003 eta 2004an zehar hainbat lantalde aritu ziren plan berriaren nondik norakoak eztabaidatzen, definitzen eta proposamenak egiten. Liburu zuria horren ondorio, 2005eko martxoan publikatutakoa. Plana 2005eko hasierarako indarrean egotea espero zen. Ez zen horrela gertatu eta impassean gauden artean. Pentsatzen dut interes kontrajarriak egongo zirela, proposamen batzuk ez zutela nahi adinako kontsetsua lortuko (zientzia handiko azpiegitura, espalazio-zentrua alegia, izango ote) eta hor ibiliko zirela eztabaidan. Interes handiak daude alorrean, asko hazi da alorra, zentro koskortxoak ditugu, bizi eta iraun egin behar dute (esan didatenez ikerketa-zentro nagusietako bi 2005a ixteko larri ibili omen ziren) eta normala denez guztiek etxerako nahi dituzte planaren postura nagusiak.
Publiko egiten denean ikusiko dugu zertan gelditu zen plana eta Liburu Zurian adierazitakoa zein punturuaino beteko den.

posted by Inaki at 10:25 AM | 8 comments

Carothers eta Fleming (Izarren Hautsa, 00-09-05)

XX. mendeko aurkikuntza zientifiko handienei errepasoa egiten zaienean hiru aipatzen dira eskuarki. Oraindik orain, euskal zientzialari ospetsu batek hiru hitzekin laburbiltzen zituen: kuantua, ADNa eta bita. Aurkikuntza handiak jakina! Kuantuak materiaren egitura xehea ezagutzeko bidea eman du; ADNak biziaren mekanismoak ulertu eta izaki bizidunak maneiatzeko gaitasuna eman digu eta bita gizartea eta komunikazioa ulertzeko beste ikuspegia ekartzen ari da. Laburpen egokia al da, ordea?
Egia esan ez nau osorik betetzen, nahiz eta bekatu beraren errudun banaizen ere (Ikus Seiko Urrea, 99-02-20). Hiru horietara errenditzea XX. mendearen zientzi eta teknologi ekarpena gehiegi sinplifikatea iruditzen zait. Askoz ere gehiago eman du mendeak eta batzuk hirutasun horren pareko ez ote diren eztabaidagai izan daiteke.
Egun hauetan gogoetagai izan dut auzia. Beste bi aurkikuntza, behintzat, horien parekoak dira ene aburuz: nylona eta penizilina. Ez dute, apika, kuantuen hipotesiaren dotorezia edota DNAren ahalmen jainkotiarra. Alabaina, gizaki arrunton eguneroko bizibidean eta bizi-kalitatean neurtezinezko eragina izan dute.
Carothers-ek nylona industrialki ekoizteko bidea aurkitu zuenean, kimikaren adar berri bat zabaltzeaz landa, egunerokotasunaren konforta osatzen duten objektu horien guztien sorta zabaldu eta demokratizatzeko oinarriak ipini zituen. Plastikorik eta zuntz sintetikorik gabeko mundurik imajinatzen al duzu?
Fleming eta penizilina ezagunagoak dira. Penizilina antibiotikoen munduaren aintzidaria izan zen, gaitzak tratatzeko botika-mota oso eraginkor baten lehen harria, hain zuzen ere. Gure osasunak, bizi-iraupenak eta -kalitateak asko zor diote penizilinari.
Ez dut auzirik piztu nahi, baina mende-hondar honetan zientziaren ekarpenari errepasoa egiten zaionean, egiari mesede txikia egingo diogu Plank, Einstein, Bohr, Crick, Bardeen eta enparauen gorazarre egitean Fleming eta Carothers bazter uzten baditugu; kimikaz ahazten bagara, alegia.

posted by Inaki at 9:52 AM | 14 comments

2006-09-14

bi hilabete

Bi hilabete pasa dira azkenekotz pantailaren aurrean jarri eta zer edo zer idatzi nuenetik. Alferkeria, uda, Alkizako etxean ADSLrik ez. Aitzaiak asma nintzakeen nahi adina. Egia; gogo handirik ez nuen. Beste gauza batzuetan usatu dut denbora, betegarriagoak itxuraz. Snow-reen 'The Two Cultures' euskaratzen ibili naiz. Bukatuta ditut jada itzulpena eta lehen errebisioa. Bigarrenean dihardut. Snowren testuari sarrera modukoa egiteko asmoa badut, nire ikuspegia azaldu asmoz eta baita obra bere testuinguruan kokatzeko ere. Eztabaida gauregungoa da, lanak ia berrogeita hamar urte baditu ere. Gero editorea bilatu behar.

Plutonek planeta normala izateari utzi dio. Planeta nanoa da orain. Planeta, hala ere. Egia esan behar badizuet, ez nago ados erabaki horrekin, ez naiz gustura sentitzen. Konbentzio berri horrek —atzen finean, konbentzio bat baita planeta hala edo hola definitzea—, zerbait lapurtu digula sentitzen dut. Beharrezkoa al zen? Eguzki-sistemari planetak eranstearekin adosago nengoke kentzearekin baino.

Egun berean egunkarian leitu nituen bi berri asaldatu ninduten abuztuan. Batetik, Malagako aireportuan, bidaiari batzuei beste bidaiari batzuk susmagarriak iruditu zitzaizkielako abioia ez zen atera 'susmagarri' horiek jaitsiarazi ez zituzten arte eta, gainera, guardia zibilak galdekatu egin zituen. Jakina, mairuak ziren eta gainara, egunkariak azpimarratzen zuenez, 'arabieraz' ari ziren beraien artean. Hamaika ikusteko gaude! Izan ere, mairu itxurako bidaiari haiek besteek bezala ordaindu egin zuten eta kontrol zorrotz berak edo zorrotzagoak agian pasa zituzten abioira igo baino lehenago. Itxura hutsagatik salatu zituzten bidaideak. Ez al da hori arrazakeria? Ez al dago Espainian arrazakeria debekatuta? Beraz, guardia zibilak zuzen jokatu izan balu, mairu itxurakoak salatu zituztenak, jaitsiaraziko zituzkeen abioitik eta gainera arrazakeriaz salatu. Alabaina, hori gure gizarte beldurti eta arrazista honetan ezinezkoa da. Aldi berean, Chicagon foie-a debekatu egin dute antzarak kalkatzeak sufrimendua eragiten omen dielako animaliei. Ondo da animalien alferrikako sufrimendua saihestea eta salatzea, baina hiprokresia barkaezina da animaliei begiratzea eta aldi berean, zure aliturik minena Libanon egiten ari zen giza sarraskiari, zure anai-arreba gizakiak gupidari gabe txikitzeari, ez ikusiarena egitea. Gainera, etika lezioak emanez! KK haientzako.

Bukatzeko Ratzinger-ek botatakoa. AEBetako protestanteen fundamentalismo erlijiosoarekin katolikoen buruak bat egin du eboluzioaren teoria zalatzan ipiniz eta irrazionaltzat joz. Agi denez, eliza katolikoak ez du Galileo kasuarekin lezioa ikasi eta harri berean tupust egiteko arriskuan dago berriz ere. Elizaren buruei entzunda gizarte-arazoei buruz hizketan, pentsatzen dut maiz, ea zein den beren benetako asmoa, jendea federa erakartzea ala hartatik uxatzea? Formol usaina baitaire sarriegi.

posted by Inaki at 9:28 PM | 15 comments