Aurreko zapatuan (2006-10-28) Eugenio Arraiza adiskideak Euskal Curriculum delako horri buruzko iritzi-artikulu bat idatzi zuen Ramon Zallo EHUko irakasleak idatzitako txosten baten harian.
Artikulua irakurrita pasarte honek erakarri zuen nire atentzioa:
«eskolaratzearen bukaeran ikasleriak ezagutza edukiei dagokienez zera lor dezan:
a) Egungo munduko hiritar baten beharrezko ezagutza tekniko-zientifikoa eta instrumentala jasotzea».
Uste duzu 3-16 urteko pertsonagai bati lehengo eta behin eskolak eman behar diona hori dela? Zuk azpimarratutako kontzeptuak, gainera, tekniko-zientifikoa aski ez balitz «instrumentala» ere izatea, gogorregia zait: eskola hozkailuarena, robotika. Gizakiarena ez behintzat. Politika ekonomiko zehatz baten langile instrumentalak lortzeko ote?Tonua harritu egin ninduen eta ludismo kutsua hartu nion. Ramon Zalloren originala bilatu nuen eta Eugeniok transkibatutakoa baino ez zekarren. Ez zegoen besterik. Kezka sortu zidan Eugeniok idatzitakoa.Euskal Curriculumaren izpirituarekin bat etor ote zitekeen? Ludismoz eta zientziarekiko eszeptizismoz kutsatuta al dago curriculuma? Jo dut Euskal Curriculumaren oinarrizko txostenera eta, egia esan, argi handirik ez dut topatu. Harritu eta kezkatu egin nau, Fisika eta kimika hitzak edukien dekripzioan aurkitu ez izana eta horiek Natur Zientziak eta Osasun zientziak delako zaku batean sartuak egotea. Era berean, zaku horren eduki-multzoen adibideak aipatzean hauek agertzen dira:
1.- Lurra eta unibertsoa; 2.- Materia; 3.- Aldaketak materian; 4.- Izaki bizidunak; 5.- Gizakia eta osasuna; 6.- Zientzia testuinguruan; 7.- Zientziaren historia eta natura. Hori baino gehiago izatea espero dut. Non dira fisikaren eta kimikaren oinarrizko kontzeptuak? Azelarazioa eta abiadura bereizten ikasiko al dute? Egia esan Teknologia delako beste zaku batean eduki-multzoen adibideetan hauek aipatzen dira:
4- Elektrizitatea eta elektronika; 5.- Energia eta transformazioa. Horien aurretik zinematika eta dinamika falta direla uste dut.
Iruditzen zait fisika eta kimika matematika bezain oinarrizkoak direla gaurko mundua, gizartea eta kultura ulertzeko. Euskal curriculumean matematikak alor berariazkoa du eta oso ondo deritzot. Fisikak eta kimikak zergatik ez? Nekez uler daitezke biokimika, genetika, nanozientziak, ingurugiro-zientziak eta enparauak fisika eta kimikazko oinarrizko kontzeptuak ondo entenditu gabe eta horietaz jabetuta egon gabe. Noiz lortuko dute horik ikasleek? Derrigorrezko irakaskuntza utzi eta gero, baldin eta zientziako batxillergoa ikasten badute? Ez da hori bidea, nik uste. Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzan integratu behar da kimika eta fisikaren oinarrizko kontzeptuen ikasketa eta ulerketa, hain zuzen ere, ikasle guztiek aukera izan dezaten horietaz jabetzeko ez soil-soiliok zientziaren aukera hartu dutenek. Guztiek baliatu beharko dituzte inguratzen duten mundua ulertzeko eta aukera egiteko.
Espainiako Fisika eta Kimikako Errege Elkarteek beren kezka agertu zuten joan den ekainean argia ikusi duen txosten batean. Ondorioetako batzuk ondoren:
Estatuko derrigorrezko bigarren hezkuntzako fisika eta kimikazko edukiak, maila eta ordu-kopurua, ez dira nahikoak inguruko herri aurreratuekin konparatuta. Gainera, bi horiei esleitzen zaien ordu-kopurua beherantz doa. Eta ondorioz, ikasleen maila oso baxua da.
Kezka dut Euskal Curriculumak aje berak ez ote dituen izango. Garbi dut DBH bukatzen duten ikasle orok, matematikazko oinarri sendo bat izateaz gain, fisika eta kimikazkoa ere behar dutela. Hori dela eta segurtatu beharko litzateke, gutxien-gutxienik DBHko bi ikasturtetan fisika eta kimika derrigorrezko gaiak izatea eta matematikaren maila ordu-kopuru berarekin.