Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-07-08

Sciencek 125 urte!

Ez da marka makala! Zorionak! Seguruenik kaleko jendeari galdetuta aldizkari zientifiko baten izena emateko, ematen duten gehienek Science edo Nature aipatuko luketela. Bi aldizkari horiek ez dute soil-soilik lortu komunitate zientifikoaren baitan bertan argitaratu nahi izatea lanaren kalitatearen adierazgarri delako, kaleko jendeak eta komunikabideek ere erreferentzia moduan hartzea ere erdietsi dute.
Science edo Naturen argitaratzea ospe mediatikoa ekar zaitzake, alor batzuetan bereziki, astrofisikan, ekologian, ingurugiroan, paleontologian, genetikan, etab. Pentsa gure artean komunikabideetako berri izaten da euskal ikerlariek Science edo Naturen lan bat argitaratu dutela! Ez da, ordea, berri Journal of The American Chemical Societyn edo Macromoleculesen argitaratzea nahiz eta alorreko aldizkari ospetsuenak izan. Science eta Naturek lortu dute komunitate zientifikoaren esparrua gainditzea, batetik, marketing-lan egoki baten bidez, esaterako, komunikabideei argitaratu aurretik hurrengo alearen edukien berri zehatza eta landua emanez eta, bestetik, ikerketa-lan mamitsuak argitaratzeaz gain dibulgazio zientifikoa ere egiten dutelako. Beren orrialdeetan aditua ez den irakurle interesdunak topa lezake informazio landu eta lisarigarri asko zientziaren garapenaren nondik norakoak ezagutzeko. Ez da ahaztu behar, dena den, aldizkari generalistak direla eta horrek esparrua asko zabaltzen du.

posted by Inaki at 10:14 AM