Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-12-28

Inoxente, inoxente, txakurrak buztana tente!

Ez nator inori ziria sartzeko asmoarekin abenduaren 28a izanik ere. Komunikabideetan zientziak izaten duen tratamendua hobetzen ari den arren, Elhuyarrek eginiko azterketak erakutsi berri duenez, arrain ederrak saltzen dizkigute sarri.

Gaur bertan, Berrian zientzia- eta teknologia-gaiez idazten duen kazetariak diosku pantxo asko Galileo sateliteen lehena ‘gaur Siberiako (Errusia) Baikonur kosmodromotik’ jaurtiko dela.

Duela egun gutxi, Noticias de Gipuzkoa egunkari berriak Aiako Harrien parke naturalari buruz ziharduelarik hauxe zion argazki oinean: ‘Vista del municipio de Aia, situado en el corazón del parque guipuzkoano…’. Ale berak beste perla eder bat ere utzi zigun. Izan ere, Ebro ibaia inbaditzen ari den tigre muskulluak dentsitate handitan pilatzen direla esaten zuen; 200.000 ale metro karratuko hain justu. Lan nekeza 3 bat zentimetro neurtzen duten molusku horientzat.

Neurri eta tamainek sortzen duten nahasmenduaz, adibide polita dut gogoan Egunkaria zenak argitaratutakoa. Atxondoko harrobien auzia zela eta kazetariak lasai asko idatzi zuen sekulako negozioa egiten zutela ugazabek, harri tona bostehun mila milioi pezetatan saltzen zelako. Orduan, gure Inaxio Perurenak harritzarra bizkarreratzen zuen aldiro ‘kilo’ mordoa berdintzen zituela otu zitzaidan.

Deiak bestalde argazki berri baten argitaratu zuen duela urte batzuk, non sekulako notizia moduan zioen Errumanian arriskuan zegoen arrano-mota bat gatibu ugaltzeko gai izan zirela. Zitekeena eta horrela pasako zen baldin eta arrano berezi horren izen taxonomikoa jarri ez bazuten (komunikabideetan gutxitan gertatzen dena bide batez), ‘gyps fulvus, gure sai arre nonahikoa alegia.

Diario Vascon Pakito izurdeari ‘pez’ esan zioten halako batean.

Alabaina, gerok ere ez gara horietaz libratzen. Neronek koordinatu nuen Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoaren argazki-oin batean ‘lacerta muralis’ esan genion sugandila ez zen beste pizti bati eta segur asko ez zen izan saldu genuen arrain bakarra!

posted by Inaki at 4:13 PM