Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-12-24

Hwang Woo-suk

Zerk bultza dezake pertsona bat iruzur egitera? Are gehiago bere kideek zorrotz aztertu eta miatuko dutela dakien zientzialari bat? Ospea? Ez luzerako, horratio. Hasieratik jakitun egonik mendeko aurkikuntza gezurretan iragartzen ari zela, zerk bultzarazi zion bere burua engainatzera? Gauzak ondo eginez, terminologia eta metodologia egokiak erabiliz, aurretik alorrean aritu izanak, Scienceko ikuskatzaileak engainatuko zituela bazekien. Baita lortu ere. Zergatik hasi zen gezurraren bidea eginez? Presioa? Emaitzen presioa? Dirua bildu beharra ikerketan jarraitzeko? Arrazoiaren zati handi bat, hain segur. Sciencekoei ziria sartuta ere. Bazekien jakin, mundu osoko zientzialarien eta komunikabideen begiradak erakarriko zituela, giza enbrioien klonazioa ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula! Harrokeria? Osagaietako beste bat. Zientzialarien arreta ekarriz gero, besteek ere berak egindakoa errepikatzen saiatuko zirela bazekien. Zergatik ba amildegiaren ertzera hurbildu eta jausgailurik gabe oreka-jokotan hasi? Eta horrela gertatu da saiatu egin dira eta baita berarekin lanera joan ere. Heroi izan nahi al zuen? Heroiaren oinarriak pitzatzen hasi ziren apurka, enbrioiak lortzeko usatutako manera ez etikotik hasita pitzadurek erraldoiaren buztinezko oinarriak desegin dituzte eta Hwang Woo-suk damuaz beztituta komunikabideetan ikusi badugu ere, pena gutxi eman digu, osasunarekin eta esperantzarekin ezin baita jokatu.
Alabaina, bera izan al da hobendun bakarra?

posted by Inaki at 6:37 PM

4 Comments:

Post a Comment

<< Home