Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-11-19

Espalazioaz gehiago

Gaurko Paisek dakar berri zehatza. Estatuko 2006ko aurrekontuetan 10,5 milioi euroko diru-partida dago Espalazio-azpiegiturarako PSOEk eta EAJk egin duten negoziazioaren ondorioz. Gogoratu 300 milioiko eraikuntza-kostua izango lukeela! Bestetik, bi administrazioek ez dute finantziazioari buruzko hitzarmena itxi eta hori azpiegitura kudeatzeko eratuko den partzuergoa eratzen denean itxikoa ei da. Prisako egunkariak dioenez partzuergo horretan EHU eta Bizkaiko Foru Aldundia sartuko lirateke besteak beste. Europako xoxen hotsak ere entzu izan dira.
Batzuk somatzen genuen mamua gorputza hartzen ari da. Hemengo erakunde publikoek ere dirutzak jarri beharko dituzte espalazio-azpiegitura eraikitzeko eta horrek zer eragin izango du I+G+Bn usatzen diren funtsetan? Horien kontura izango al da? Ikerketa eta garapenean dabiltzan EAEko agenteak behi meharren garai baten aurrean al daude? Edo, beste alor batetik irtengo da finantzazioak?
Azpiegitura egiteko nahikoa funts lortzea lan zaila izanik ere ez da egitasmo horretan ikuspegi ekonomikotik kezkagarriena. Izan ere, garai batean nik 'polikiroldien sindromea' deitu nuena honekin ere gertatzeko arriskua dago. Franco hil ondoren udaletxe demokratikoak egin zuten azpiegiturazko lehen inbertsiotako bat herrian kiroldegia eraikitzea izan zen. Eraikitzeko diruak biltzen zituzten, Diputaziotik zatirik handienan. Alabaina, kezka eta negarriak gero hasten ziren kiroldegi horien mantentze-kostu handiak dituztela ohartu zirenenean eta udal ekonomian zulo sortzen hasi zirenenan. Kiroldegi bat baino gehiago hondatu zen mantentzeko nahikoa diru ez zegoelako. Espalazio-azpiegiturari ere horrelako zerbait gertatzeko arriskua dago. Izan ere, instalazio horrek lanean irauteko diru-baliabide asko eskatuko ditu bai giza baliabideak baita baliabide materialak ere. Orain arte ez dut deus leitu eraiki ondorengo kostu, diru-sarrera eta erregimen finantziarioari buruz. Horrek asko kezkatzen nau, aurrekoan esan nuenaz gain.

posted by Inaki at 6:01 PM

6 Comments:

Post a Comment

<< Home