Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-11-01

DIPC

Donostia International Physics Centre delakoaren akronimoa. 4 orrialde gaur Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian. Marka da gero! Merezi duenik ez dut ukatzen, are gehiago irailean Einsteini buruz antolatutako kongresu bikainaren ondoren. Alabaina, ez ote da gehiegi? Zientziari toki gutxi eskaintzen ohi dioten komunikabideetan, eta gutxi eskaintzen dio egunkari horrek (adibidez, zientzia-atal finkorik ez du), horrelako oparotasuna interesatua iruditzen zait, ez fede onekoa. Zer egingo diogu, fidakaitzak gara eta?
Izarrak agertzeak on egiten dio zientziari, gazteak zientziara erakartzeko balio dezake; gizartea harro sentitzen da horrelako zientzialariak ditugulako; marketin ona izan daiteke, baina zientzia-jarduna hori baino gehiago da, baita Euskal Herrian ere, eta hori ez da horren sarri agertoki horietan ikusten. Zientzia txikia ere ikusi nahi dut, unibertsitateko, ikerketa-zentro edo enpresetako laborategietan egiten dena eta pertsona normalgoek egiten dutena: Hangoa eta hemengoa. Izan ere, alor horretan urruneko intxaurren hotsa bertakoena baino ozenagoa da sarriegi.
Ez pentsa DIPCren kontra nagonik. Ezta hurrik eman ere! Eredu dela esango nuke. Gauzak nola egin behar diren erakusten du. Eragin eta ospe handiko zentro bikain txikia da. Ez du inork liluratzeko moduko itxurarik, baina eraginkorra da, ispilu da, iman da. Txikitasunean handia da. Hori da gure zientzia-ikerketazko gure etorkizunaren oinarria: zentru bikain, eraginkor, txkiak. Txikia ederra da baita zientzian eta ikerketan ere. Gurearen tamainako herri batek horrelakoak horni ditzake giza zein diru-baliabidez. Malgutasunezko sarea sor daiteke horrela dozenerdi batekin eta munduan, guk aukeratzen ditugun, alorretan erreferentzia izan. Izan ere, aukeratu egin behar dugu non eta nola jo nahi dugun.
Urrutiko intxaurren hotsa hurbiltzen ari zaigu, makroinstalazio zientifiko baten mozorroaz jantzita. Madril aldean negoziatzen ari omen dira batzuren batzuk. Handiaren distirak itsutu ditu. Erratuta dabiltza nik uste. Dinosauru eskleriotiko diru-gozea ekar dezakete eta guk ugaztun arin eta gose-urria behar dugu zientziaren gailurrean egon nahi badugu bederen. Gurean estrategiko txikiaren ugaritasuna da, ez handiaren bakartasuna.

posted by Inaki at 9:39 PM

5 Comments:

Post a Comment

<< Home