Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-09-08

Annus Mirabililis 3

Asteazkena bikaina izan da. Hizlari trebeak eta itzaldi interesgarriak. Informazio kuantikoaz eta ordenadore kuantikoez aritu zaizkigu bi lehen orduetan. Telegarraio, egoera elkartxilikordatu eta antzekoei buruz entzuten dudanean zientziaz ez, magiaz baizik, ari direla iruditzen zait. 'Beraiek ulertuko al dute?' galdetzen diot nire buruari. Igancio Cirac zein Anton Zeilinger saiatu zaizkigu alor horren zoko-mokoak argitzen.
Fernando Yndurain komunikatzaile aparta dela demostratu du. Eskola zaharrekoa Lehn bezala edo zaharragokoa akaso gardenkiak eskuz idatzita ekarri baititu eta aterki bat baliatu du pantaila seinalatzeko. Aurkezpena egin dion CSICeko lehendakariordeak, aldiz, bidaia aprobetxatu eta politika ere egiteko profitatu du aukera modu lotsagarrian. Yndurainek esandakotik bi ideia aterako nituzke: 1922an Einstein fisikariaren gainbera hasten dela eta fenomeno mediatikoaren hazkundea eta orduz gero fisikaren aurrerapen nagusiak ignoratu egin zituela.
Sheldon Lee Glashow zaldun zahar baten manerekin eremu-teoria bateratuez aritu zitzaigun. Atarikoan egun zoragarri batzuk pasa dituela azpimarratu zuen egindakoak aipatuz. Ibarretxe lehendakariaren (The president of the Basque Republic bere hitzetan) irekiera-hitzaldia goraipatu zuen: I would like to have in my country (AEBtan) politicians of such level of wisdon. Txalo-zaparrada jaso zuen. Soken teoria gogor astindu zuen, aurreikuspenik egiteko gaitasunik ez zuelako. Supersimetria, ordea, ideia ontzat jo zuen eta LHC superazeleragailuan horren aztarnak akaso aurkituko direla gaineratu zuen.
Antony Hewish lagun zaharra izan genuen ondoren, Elhuyarren 25 urteurreneko hitzaldian bezala pulsareen haritik tiratu zuen, maisuki gainera. Pulsareen neurtroi izarrak, neutroi-geruza izango luke gainazalean, bose-einstein kondetsatuta ondoren eta quark zopa, apika, gunean.
Clifford Will ere komunikatzaile aparta eta Einsteinek arrazoi zuela frogatzeko eginiko esperimentuez aritu zen. Tartean datu bitxirik ere eman zigun, Casablanca filmeko kantu famatuaren lehen bi bertsoetan Einstein aipatzen dela. Baita kantatu ere!

posted by Inaki at 9:02 AM

3 Comments:

Post a Comment

<< Home