Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-01-21

Emisioen negozioa

Kiotoko protokoloaren ondorioz sortutako karbono(IV) oxidozko merkatuak lehen urtea egin zuen iaz. Emisio-eskubideen erosketak miloi euro askotxo mugitu zituen Estatuan 2005ean. Lehorra joan zen urtea. Ondorioz, konpainia elektrikoek ezin izan zioten energia hidroelektrikoaren produkzioari eutsi eta erregai fosiletatik nahi baino gehiago tiratu behar izan zuten. 300 milioi euro inguru pagatu zuten elektrikek emisio-eskubide moduan. Tartean gure Iberdrola jakina. Euskal enpresa honi dagokionez, esleitutakoa baino 270.000 tona gehiago ekoitzi zituen. Gauza txikia Endesak izandako 4.500.000 tonako desfasearen aurrean. Enpresa elektrikoek guztira esletitutakoa baino 11 milioi tona gehiago emititu zituzten. Kalkulu lasterra eginez, tonako 27 euro ordaindu zen batez besteko. Hortaz, enpresa bizkaitarrak 7.290.000 miloi euro gastatu zituen berotegi efektua areagotzen edo, beste ertz batetik so eginez, gerok dirutza hori gastarazi genion gure energia-apetak astzeko. Izan ere, iazko datuak oraindik eskuartean ez baditugu ere, lepoa egingo nuke aurreko urteen joerari segida emanez 2005ean ere EAEko herritarrok energiagose ibili garela.

posted by Inaki at 10:43 AM | 4 comments

2006-01-10

Biobide eta beste

Gauza interesgarriak dabiltza egun hauetan gure inguruan zientziaren munduan. Igandeetako izokin koloreko orrialdeetan berri interesgarriak eta barre egiteko modukoak zeuden. 'El País'en orrietan karbono(IV) oxidoaren salerosketari buruzko artikulua biziki argigarri eta jakingarria zegoen. Zenbat karbono(IV) oxido erosi dute Estatuko elektrikek 2005ean? Zeiniek ordainduko du hori? Egunen batean betarik badut komentatuko dizuet, tajuz, leitutakoa. Bestetik, algaraka leitu nituen Noticias de Gipuzkoakoetan 'pajaro' batek nolakoa sartu zion kazetari koitatuari olatuen energiaz Euskal Herriko gaurko eta biharko energia-beharrak asetzeko asmatuta zuen metodo batekin. Olatuaz ari zen eta 'mareomotriz' gora eta behera aldi berean.
Miramonen Biobide enpresaren lantzamendu ofiziala gertatu izana berri ona da Euskal Zientzia eta Teknologia Sistemarentzat. Ez da neronek eskatzen dudan oinarrizko ikerketa, baina euskal ikerlari gazteei lanerako beste ate bat zabalduko zaie: biogolo, bioteknologo, kimikari, botikari etab.ei. Ez da ikerketa-zentro bat, Biobideko ordezkari batek Euskadi irratian esan zuen bezala 'dirua irabazteko enpresa' baizik. Baten batek galde dezake, zilegitasun osoz gainera, ea egokia den erakunde publikoek enpresa sortzeko eman duten dirutza eman izana? Egokiaz gain beharrezkoa ikusten dut nik. Gure herrian zientzian eta teknologian bikaintasunerantz jo nahi badugu, giroa sortu behar da, gizarte-ehun egokia, zientzia-sare trinkoa. Laguntzak horretara datoz. Laguntza publikorik gabe Biobide ez litzateke posible izango, ez lukeelako ideia interesgarri horrek lanean hasteko beharrezko kapitala izango. Erakunde publikoek sortzea bermatu diote. Apustu bat egin dute jakina, baina apustu egiteko ere daude erakunde publikoek. Biobidek beregain jarritako konfiantzari tinko erantzun beharko dio. Hori bere kudeatzaileen trebetasunaren esku dago. Ez dute ardura txikia, ez bakarrik gu guztion diruarekin ari direlako, baizik eta bide bat irekitzen ari direlako. Kudeaketa desegoki batengatik huts egingo balute, beraiek ibiltzen ari diren bidea egitea asko zailduko liekete puntako zientzia eta tekonolgia enpresa bihurtu nahi izan dezaketen beste proiektu interesgarriei.

posted by Inaki at 10:34 PM | 3 comments

2006-01-09

Nolako zientzia-politika?

'Oso formala da beheko testua blog baterako, badakit, baina atzo Noticias de Gipuzkoan gaztelaniazko bertsioa argitaratu zidaten, eta oraindik Berrian ez didate euskarazko jatorrizkoa. Beraz, euskaldunoi begirunez hemen paratzea deliberatu dut.'

Zientzia-politikaren esparruan mugimendu inportanteak gertatzen ari dira EAEn. Hastear dagoen urtean, Zientzia, Teknologia eta Gizartea Plana izenekoa indarrean jartzekoa ei da atzerapenez bada ere. Bestetik, 2006ko Estatuko aurrekontuei buruz EAJ eta PSOEren arteko negoziazioan Bizkaian ikerketa-azpiegitura erraldoi bat kokatzea hitzartu da. Hirugarrenik, Hirukoaren eta PSE-EEren arteko 2006ko EAEko aurrekontuen negoziazioaren ondorioz diru-partida adierazgarri bat sortu da ‘ikerketa-azpiegiturak’ sortzeko, Bizkaiko azpiegitura erraldoiaren haritik hain segur.

Bide onetik al goaz? Zientzia- eta ikerketa-azpiegiturak egiteko eta garatzeko diru-baliabideak biltzea gizartearen ongizaterako ona da printzipioz. Ondo gabiltza itxuraz. Beste kontu bat izatean da inbertitu nahi den dirua zertan inbertitu nahi den eta horretan bidea erratua da: Bizkaian eraiki gura den Espalazio bidezko Neutroi-iturria, hain justu. Hirurehun milioi euroko inbertsioa izango da! Itzela! Hiru bat aldiz handiagoa 2006an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria sailek I+G+Brako izango duten dirua baino! Ez dirudi oso zentzukoa. Ez naiz ordea horrela pentsatzen duen bakarra. Felix Goñi, EJko ikerketa-zuzendaria izandakoak oso grafikoki adierazi du proiektuaren desegokitasuna duela hilabete batzuk iritzi-artikulu batean. 300 milioiko ikerketa-zentro batek inguruan 30 milioiko 10 zentro behar ditu eta 30 milioiko bakoitzak 3 milioiko hamar zentro behar ditu. EAEn 3 milioiko 2 zentro baino ez dauzkagu!

Egia da autonomia izan dugunez gero guztiz irauli egin dela I+Garen esparrua. Alor horretan egindakoa hutsaren hurrengoa izatetik, Estatuko batez besteko ahalegina aixe gainditzera ailegatu gara eta Europarako konbergentzia helburu lorgarri jarri dugu. Alabaina, Euskal Zientzia eta Teknologia Sistemak (EZTS) ahulezia nabarmenak ditu, bere gaztetasunaren eta jarritako lehentasunen ondorioz. EZTSk 25 urte baino ez ditu, gure unibertsitaterik handienak, EHUk, adina. EZTS anitza izanik ere, zentro teknologikoak izan dira oinarrietako bat eta garapen eta bilakaera handia izan dute. Horrek, ikerketa aplikatuan, garapenean eta teknologia-transferentzian ahaleginik handiena egitera ekarri du, oinarrizko ikerketa maila apalago batean gelditu delarik, unibertsitatean egiten dena batez ere.

Horratx, EZTSren ahulezietako bat: oinarrizko ikerketan eginiko ahalegin apala. Oinarrizko ikerketarako azpiegituretan inbertitu beharra dago, alajaina. Donostiako DIPCen edo Leioako Biofisika Unitatearen moduko ikerketa-zentro txiki eta bikainak sortu behar dira, oinarrizko ikerketan ere sarea osatzeko Euskal Herrian puntan egon gaitezkeen alorretan edo interesgarriak jotzen direnetan. Horiek sendotzen direnean, has gaitezke zentro handiagoak diseinatzen eta, azkenik, nahikoa masa kritiko eta jakintza-sare eratu denenean pentsa liteke makroazpiegiturak eraikitzean.

Bigarren ahulezia pertsonekin du zerikusia. Batetik, gazteen artean bokazio zientifikoak maldan behera doaz. Unibertsitateko lehen mailako matrikulek oinarrizko zientzietan etengabeko beherakada pairatu dute atzen hamar urteotan. Adibidez, Donostiako Kimika Fakultatean (EHUko ikerketaren ikurra berau) lehen urtean matrikulatutako ikasleen kopurua 40tik behera dabil atzen urteotan eta Leioako Zientzia Fakultatean 2005-2006 kimika zientziatan lehen ikasturtean matrikulatutako ikasle-kopurua, 1995-96ean matrikulatutakoen % 29a baino ez da izan. Antzeko egoera bizi dute fisikak, matematikak eta natur zientziek. Egoera horrek arrisku bizian jartzen du EZTS, egun lanean ari diren ikerlariak ordezteko edo sortzen diren ikerlari-plaza berriak betetzeko ikerlari gazte nahikoa ez dagoelako eta, gainera, nondik aukeratzea ez dagoenez, kalitateri ere kalte egiten zaio. Datu soil bat: bikaintasunezko ikerketa-talderen batean atzerriko ikerlariak % 40ren buelta dabiltza jada. Hori ez da txarra izatez; adierazle ona aitzitik, gure sistemaren erakargarritasunaren neurria ematen duelako. Alabaina, ikerlari horietatik gehienak doktorego-ikasleak edo doktoretza osteko bisitariak dira, ikastera datozenak batez ere. Ondorioz ekarpen txikia eta iragankorra egingo diote gure EZTSri.

Bestetik, EZTSko ikerketa egiturarik handiena den EHUko irakasle/ikerlarien adin-profilari erreparatzen badiogu, datu kezkagarriak ageri dira: irakasleen ia bi herenak 40 eta 55 urte bitarteko adina du, gazteagotik gutxi eta zaharragotik gehixeago dutenak. Agerikoa da, irakasle horiek jubilatzeko adinera iristen direnean sortuko den adin- eta esperientzia-etena, ez baita ordezkapen mailakatua posible izango. Ikerketa-ekipoetan pilatuta eskarmentua, lidergoa, harremanak eta jakintza galtzeko arriskuan egon daiteke ordezkatzaileak halabeharrez gazteegiak izan daitezkeelako.

Hirugarren ahulezia gizartean bertan dago. Zientzia eta teknologian oinarrian dituen gizartean bizi gara, baina kultura zientifiko eta teknikoarekiko gure gizarteak duen jarrera nahikoa epela edo mesfidatia da. Horrela adierazten dute FECYTek 2004an eginiko inkesta baten emaitzek: EAEko herritarron zientziarekiko interesa Estatuko herritarren interesaren batez bestekoaren azpitik dago eta atzen tokietan gainera (Bidenabar, 2005eko Eurobarometroaren arabera Estatuko herritarren zientziarekiko interesa Europako Batasunekoen batez bestekoaren azpitik dago). Ez da datu ona, I+G+Bn egiten diren inbertsioek gizartearen oniritzia behar dutelako baldin eta iraunkorrak eta etengabeak izan nahi badute.

Argi dut EZTSaren jasangarritasuna eta bikaintasuna arestian aipatutako hiru ahulezia nagusi horiei erantzun eta konponbide egoki eta etengabea emanez etorriko direla, ez ordea balizko makroproiektu distiratsuen arrastotik.

posted by Inaki at 9:54 PM | 4 comments