Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-01-10

Biobide eta beste

Gauza interesgarriak dabiltza egun hauetan gure inguruan zientziaren munduan. Igandeetako izokin koloreko orrialdeetan berri interesgarriak eta barre egiteko modukoak zeuden. 'El País'en orrietan karbono(IV) oxidoaren salerosketari buruzko artikulua biziki argigarri eta jakingarria zegoen. Zenbat karbono(IV) oxido erosi dute Estatuko elektrikek 2005ean? Zeiniek ordainduko du hori? Egunen batean betarik badut komentatuko dizuet, tajuz, leitutakoa. Bestetik, algaraka leitu nituen Noticias de Gipuzkoakoetan 'pajaro' batek nolakoa sartu zion kazetari koitatuari olatuen energiaz Euskal Herriko gaurko eta biharko energia-beharrak asetzeko asmatuta zuen metodo batekin. Olatuaz ari zen eta 'mareomotriz' gora eta behera aldi berean.
Miramonen Biobide enpresaren lantzamendu ofiziala gertatu izana berri ona da Euskal Zientzia eta Teknologia Sistemarentzat. Ez da neronek eskatzen dudan oinarrizko ikerketa, baina euskal ikerlari gazteei lanerako beste ate bat zabalduko zaie: biogolo, bioteknologo, kimikari, botikari etab.ei. Ez da ikerketa-zentro bat, Biobideko ordezkari batek Euskadi irratian esan zuen bezala 'dirua irabazteko enpresa' baizik. Baten batek galde dezake, zilegitasun osoz gainera, ea egokia den erakunde publikoek enpresa sortzeko eman duten dirutza eman izana? Egokiaz gain beharrezkoa ikusten dut nik. Gure herrian zientzian eta teknologian bikaintasunerantz jo nahi badugu, giroa sortu behar da, gizarte-ehun egokia, zientzia-sare trinkoa. Laguntzak horretara datoz. Laguntza publikorik gabe Biobide ez litzateke posible izango, ez lukeelako ideia interesgarri horrek lanean hasteko beharrezko kapitala izango. Erakunde publikoek sortzea bermatu diote. Apustu bat egin dute jakina, baina apustu egiteko ere daude erakunde publikoek. Biobidek beregain jarritako konfiantzari tinko erantzun beharko dio. Hori bere kudeatzaileen trebetasunaren esku dago. Ez dute ardura txikia, ez bakarrik gu guztion diruarekin ari direlako, baizik eta bide bat irekitzen ari direlako. Kudeaketa desegoki batengatik huts egingo balute, beraiek ibiltzen ari diren bidea egitea asko zailduko liekete puntako zientzia eta tekonolgia enpresa bihurtu nahi izan dezaketen beste proiektu interesgarriei.

posted by Inaki at 10:34 PM

3 Comments:

Post a Comment

<< Home