Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-04-15

Itsas energia

Atzo EVEk antolatutako jardunaldi batean pasa nuen eguna. Itsas energia izan zen gaia. Aitortu behar dizuet aspaldi pista galduta niola teknologia horren egoerari. Antza, esnatzen ari da sektorea eta urte gutxiren buruan itsas energiaren leherketa baten aurrean egon gaitezke, duela hamar bat urte haizearen energiarekin gertatu zen legez. Egia esateko, itsas energien artean, kasu konkretu batzuk at, olatuen energia da epe motzean etorkizuna duena. Prototipo mailatik ez dira pasa proposatzen diren teknologia gehienak, baina batzuk planta pilotu mailan ari dira jada lanean. Britainia Handitik etorritako adituak aritu ziren goizez hizketan, han baitago teknologia horren gailurra, bertako gobernuak ikerketa sustatu duelako besteak beste. Aipatzekoa, Eskozian ari direla bereziki teknologia hau lantzen. Bertako Orkney irletan lau urte lanean aritu den planta pilotu bat dago, esaterako. Britainia Handitik etorritakoen artean bi kezka nagusi agertzen ziren teknologien fidagarritasunaz gainera, batetik, olatuen energiaren teknologiak finantza-munduaren aurrean erakargarriak bihurtzea inbertsioak erakarri eta olatuen energiaren negozioa abiatzeko eta, bestetik, olatuen energia aprobetxatzeko instalazioen inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izatea. Antza, energia eolikoak Erresuma Batuan duen arazoetako bat da parke eolikoen inpaktu bisualak sortzen dituen kontrako jarrerak.
Bizkaiko itsasoaren kostaldea oso egokia omen da olatuen energia aprobetxatzeko, olatuak ugariak eta norabide nagusi batean jotzen dutelako, iparmendebaldetik hain justu. Gurean ere gauzak mugitzen hasi dira. EVEk Mutrikuko dikea egin behar dela aprobetxatuz olatuen energia lortzeko OWC teknologia erabiltzen duen planta bat jarriko du. Energia-iturri horren baliagarritasunak frogatzeaz gain, EAEko enpresak eta ikerketa-erakundeek alor horretan lanean has daitezen da helburua. Bide horretan, Tecnalia Korporazioak itsas energiak lantzeko egitasmo bat abian jarri duela eman zuen aditzera. Halaber, Iberdrolak Kantabriako Santoñan olatuen energia aprobetxatzeko eraiki asmo duen zentral flotatzailearen berri eman zigun.
Auskalo, hamar urte barrun itsasoan flotatzen ari diren tramankuluak medietako aerosorgailuak bezain pasaiaren parte ote diren!

posted by Inaki at 12:10 PM

0 Comments:

Post a Comment

<< Home