Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-02-28

urtebete

Gaur urte bete hasi nintzen orrialde birtual hauek zirriborratzen. 64 kronikatxo jaulki ditut. Astean bat baino zertxobait gehiago batez besteko matematikoa eginez. Horixe zen izkiriatzeari ekin nionean xedea. Errealitatea ez da hori izan jakina, idatzi gabeko sasoiak izan ditut eta. Zenbaitetan oso neketsua izaten da letrak juntatzea eta zerbait berri eta orijinal esatea. Horixe nahi dut hain zuen, nahiz eta batzuetan beste batzuek esandakoak ekarri ditudan honera. Blogek besteekin harremanetan jartzeko bidea badamaite erantzuteko aukerarekin. Neroni autista samarra sentitu naiz, oso urritan izan baititut erantzunik edo iruzkinik. Hor beste aldean norbait ote dagoen izan dut sarritan kezka edo, ezkorragoa, egonik ere inori interesatzen ote zaion idazten dudana. Ez dut etsiko, ezta hurrik eman ere. Temoso jarraituko dut garunak letrak juntatzeko gaitasuna ematen didan bitartean edo, akaso, lehenago jarduera honi zentzua galduko diot. Nor daki?

2006ko otsailaren 28 hau, bestetik, izango da niretzat mugarria. Gaur izan dut atzen lan eguna IMHko Ingeniaritza Eskolan. Bost hilabete baino ez ditut egin bertan. Baina, banoa tristura-puntua ariman eta zerbait galtzen dudala sentimenduarekin. Gustura aritu naiz, jendea, langiroa, lana bera ere,… Duda handiak izan nituen Aranzadiko kudeatzailea izateko parada aurrean jarri zidatenean. Erronka handia, orain arte jorratu dudan alorrekoa, ospe handiko erakunde batean, Donostian bertan, zientziaz jarduteko aukera handiagoak, ... Aldeko elementu gehiegi ezezkoa esan ahal izateko. Ezin gainetik kendu sentimendua, alde egindakoan IMHkoi huts egin diedala, neurri batean behintzat. Denborak esango du asmatu dudan!

posted by Inaki at 9:34 PM

8 Comments:

Post a Comment

<< Home