Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-05-31

Karonte

Izen hori duen Platonen sateliteaz ez naiz arituko, nahiz eta biek osatzen duten sistema bitxia eta interesgarria izan. Izen hori duen Asel Luzarragaren eleberriaz arituko naiz, euskaraz zientzia-fikzioak argitaratzen diren ale urri horietako bati buruz alegia. 'Karonte' Elkar 2005
Egia esan, zorrotza izanik Aselen eleberria generoaren mugetan kokatuko nuke nik.Izan ere, thriller teknologikoaren esparruan egokiagoa ikusten dut nik kokatuta. Nobela mardula da gurean ohituta gauden estandarrerako nahiz eta, ia 300 orrialde izanik, ez den iristen AEBko best seller-en neurrira.
Sinplea da argumentua, sinplea da narrazioa, baina oso gustura leitzen da eta hori da neronek behintzat oheburuko literatura-lanekin bilatzen dudana. Gomendatu egingo dut.
Hala ere, egileak garbizalekeria terminologikorako erakusten duen joera ez dut gogoko. Burdi, hiripeko eta enparauak eleberri arin batean soberan daudela iruditzen zait, ez baitiote ekarpenik egiten zenbait kasutan arkeologia linguistikoa egin nahi ez bada behintzat. Bestetik, ez dakit Asel-ek japonieraik dakien ala ez (herria ondo ezaguzen duen adieratzen du bederen), baina pedantetxo iruditzen zaizkit testua japonierazko esalditxoz ziplistintzea.
Bukatzeko eta thiller teknologikoak aipatuta. Neguan Dan Brown-en Deception Point irakutzeko parada izan nuen (oraintsu publikatu dute gaztelaniaz. Izenburua ez dut gogoratzen). Hau ez dut gomendatzen tranpaz eta jauzi mortal narratiboz betetako dezepzioa baita.

posted by Inaki at 4:56 PM | 0 comments

2005-05-24

Gutenberg-en koloreak

Badira bi aste izarren hautsik ez nuela harrotzen. Ez pentsa utzikeria edo alferkeria izan deni; hari gehiegitik tiratu beharra baizik. Gauza interesgarri batzuk pilatu ditut egun hauetan: horien artean, Gutenbergek berak inprimatutako biblietan erabilitako pigmentuei buruzko berri bat. Izan ere, Gutenbergen bibliak ez dira famatuak tipo mugikorrez inprimatutako lehen liburuak izateagatik bakarrik, bertako irudien kolore bizi eta ederrengatik ere famatu ei dira. AEBetako eta Britainia Handiko zientzialari-talde batek Gutenbergek inprimatutako hainbat biblia aztertu dituzte Raman espektroskopia usatuz. Raman espektrokopian laser ahul baten bidez lagina argitatzen da eta sortzen diren espektroak aztertzen dira.
Gutenbergek 148 bat biblia inprimatu zituen eta egun 48 alek diraute munduan ia 600 urte pasa eta gero. Zientzialariek Londreseko British Museum-en dagoen Jurgi III.aren alea aztertu dute (ze ez dago ba, British Museum-en? Hau kasua ez bada ere, munduko arte-lapurrik handienak izan dira britainiarrak) eta Europan barreiatutako beste sei aleekin alderatu dute. Aspalditxotik liburua ilustratzeko baliatutako pigmentuek 9 kolore nagusi zituztela jakina zen, baina ez zen pigmentoen konposizio kimikoa ezagutzen. Raman espektroskopiak misterioa ia osorik argitu du. Gorri distiratsua zinabrioa da; horia, eztainu/berun horia (berun estanatoa, Pb2SnO4); beltza, ikatza; urdina, azurita (kobre karbonato basikoa); zuria, karea (kaltziko karbonatoa, CaCO3); oliba-berdea, malakita(kobre karbonato basikoa) eta berde iluna, berde-grisa (kobre etanoatoa). Ikerlariek ez dute hain garbi beste bi pigmento nagusiak zeintzuk diren. Urre-pigmentoa urre metalikoa dela uste dute eta gorri iluna landare edo intsektuetatik lortutako pigmentoa izan daiteke.
Ikerketa honek izan ditu ustekabeak. Adibidez, Alemaniako bi bibliek lazurita minerala daukate, oso mineral garestia beraz Jurgi III.a baino poltsa beteagoa zutenentzat eginak egongo ziren.

posted by Inaki at 10:45 AM | 1 comments

2005-05-10

von Neumann-en makinak?

Bizitza estralurtarrari buzuko eztabaidetan, biziaren ubikuidadea ukatzeko erabilitako argudioetako bat zera dio: zibilizazio teknologikoki aurreratu batek von Neumann-en makinen bidez unibertsoa jada esploratua izango zukeela eta haren arrastoa ezagutuko genuela lurtarrok. von Neumann-en makinak beren burua errepikatzeko gai diren makinak dira. Alegia, robotez 'erditzeko' gai diren robotak. Argudioa baliagarria izan daiteke, baina erabatekoa ez dela nabarmentzekoa da, nahiz eta, aste honetako Nature aldizkarian argituratuko denari erreparatzen badiogu, von Neumann-en makinatxoa izan daitezkeena eraiki dute Cornell unibertsitateko ikerlari batzuk.
Makina sinple bat da. Kubo robotiko autonomoz osatuta dago. Kubo hauek beraien arteko konexioak ahultzen edo sendotzen dituzten elektromagnetoak dituzte, horrela egitura non apurtzen edo osatzen den mugatzen da. Kubo-egiturek bi 'elikatze-gunetatik' har ditzateke kubo gehiago. Hiru moduluetako robotak beren buru minutu batean errepika dezake.
Urrun gaude oraindik robot auto-errepikatzaileetatik. Bidea ibiliaz egiten da, hala ere!

posted by Inaki at 5:54 PM | 3 comments

2005-05-04

Nanoteknologia eta kapitalak

Hitzetik hortzera dabil, 'nanoteknologia datorren iraultza teknologikoa da'. Hala bedi! Egia esan inbertsio publiko asko bideratzen ari dira alor horretara, baita gure herrian ere. Neroni ez nago oso jarrita alor horretan baina konfiantza ematen diet, sinesgarriak iruditzen zaizkidalako, hori adierazi didaten hainbat zientzialari eta teknologo ospetsuei. Nanomunduan aurrerapenak ikusten ari dira, teknologia gero eta unibertsalagoa izan daitekeela ikusten da, nahiz eta, batzuetan, nanoaren misiolari batzuei entzunda gogaitu egiten zaitu diskurtsoaren arrandiak.
Alabaina, neronek erakutsitako konfidantza ez da horrenbestekoa arrisku kapitaleko inbertsioak egiten dutenen artean. Atzen bi urteotan nanoteknologiazko enpresetan eginiko arrisku kapitaleko inbertsioak jaitsi egin dira. Chemical & Engineering News astekari ospetsuaren maiatzaren 2ko alean azterketa sakon eta intersegarrian dago nanoteknologia-alorreko enpresen inguruan. Begiratu bat emateak merezi du!

posted by Inaki at 9:57 PM | 2 comments

2005-05-03

Zaborrak beste behin

Aurreko batean zaborrak tratatzeko irtenbide mirakulosorik ez dagoela esan nuen, Katalunia aldean gertatzen ari ziren arazoen aitzakian. Bada, Kataluniako eredu horren arazoen beste deskribapen bat aurkitu dut El Punt egunkarian, zabor organikoaren bilketaren porrotaz dihardute.

posted by Inaki at 10:17 PM | 0 comments