Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-03-06

ISS

Nazioarteko Estazio Espazial malapartatua izan genuen joan den astean prentsan hizpide. Antza, hamarkadaren bukaerareko osatu eta amaitu nahi dute eraikuntza. Ez dakit egia esan zer gertatuko den! Izan ere, lehen ere data jarri izan diote ISSren eraikuntzaren bukaerari eta jada gainditu ditugu.

Nire kezka da ea ikuspegi zientifikotik merezi ote duen ISS bukatzeko egin beharreko inbertsioa. Zientzialariak oso-oso kritiko agertu ziren hasieratik bertatik Nazioarteko Estazio Espazialaren proiketuarekin. Estazioaren beharraren aldarria bertan garatuko den puntako ikerketan, Lurrazalean egin ezin omen daitekeenean, oinarritzen zen. Zientzialariek horrela ez zela eta ikerketa zientifikoaren ikuspegitik deus gutxi ekarriko zuela salatu zuten, bereziki bizitzaren zientzietan dihardutenek. Errealitate egoskorrak horixe erakutsi du duela gutxi Mikel Susperregik Berrian zioen bezala.

ISSren eraikuntza ekimen eta bulkada politiko bati zor zaio neurri batean. Espazioan estatuten arteko elkarlana bultzatzea zen helburuetako bat. Hori lortu da pontentzia espazial guztiak, Txinak ezik, modu batean edo bestean egitasmoan parte hatzen ari direlako. Inportantea da jakina! Halaber, Errusiako espazio-indutriari sostengua eta iraupena emateko modua izan da. Errusiak ezin zion espazio-esplorazioaren kostuari eutsi, krisi ekonomiko larria eta desegituraketa politikoa medio. Gaineran, Miren gainbehera aldi berean tragiko eta heroikoa ere tarteko zegoen. Errusiaren espazio-industriari eusteko apustua egokia izan zen, bide batez Soiuz sobietarrak dira ISSra gizakiak iristeko modu bakarra, beren teknologia espazialari krisia gainditu eta ez galtzeko bidea eman zaiola. Ez dezagun ahaz espazio-teknologia errusiarra punta-puntakoa eta segurua dela esparru askotan; jaurtigailuen eta koheteen alorrean esaterako.

Horretarako behintzak balio izan du eta baita garapen teknologiko batzuk egiteko. Alabaina, emaitzek inbertsioa justifikatzen al dute? Ni ezezkotan nago. Egitasmoa handiegia zen, sekulako estazioa nahi zelako eta, apika, txikiago eta merkeago batek lana egin zezakeen. Bestetik, horretan inbertitu den dirua errentagarriagoa izango zatekeen espazio-esplorazioaren beste esparru batzuetan erabili izan balitz. Eguzki-sistemako gainerako planeten eta astroen esplorazioan inbertitu izan balitz, emaitza zientifikoan askoz ere distiratsuagoak izango ziratekeen.

ISS hor dagoela eta zerbait egin behar dela da auzia? Zer egin? Dagoenean utzi ala bukatu? Zalantzak ditut, baina punpa lasterrean dagoen-dagoenean uztearen alde egingo nuke.

posted by Inaki at 11:53 AM

3 Comments:

Post a Comment

<< Home