Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-06-03

Opentrad: itzulpen automatikoa

Aurreko asteartean Opentrad itzulpen automatikorako tresna aukeztu zen. Opentradek gaztelaniatik euskarara, katalanera eta galegora itzultzeko gaitasuna du. Nabarmena denez hizkuntza erromanikoen arteko itzulpenaren zehaztasuna eta egokitasuna oso handia da. Euskararen kasuan kamutsagoa da. Hala ere, % 75eko zehaztasuna lortzen da. Ez gauza txikia. Hasiera baino ez da soilik. Itzultzaileentzat laguntza oso baliagarria izango da, bereziki, esparru berezitako itzulpengintzan dabiltzanentzat. Zorionak Opentrad kontsortzioa osatzen dutenentzat, bereziki, euskal partnerrentzat: Ixa taldea, Eleka eta Elhuyar Fundazioa.

Interes izugarria piztu du tresnak. Opentrad-en web orriara 7.000 bisita egin omen ziren aurkezpen egunean, 40.000tik gora biharamunean. Horrek zerbitzariaren ahalmena gainditu egin du eta, ondorioz, euskararako itzulpenak egiteko sistema ez dabil. Beraz, sistema frogatu nahi dugunok itxaron egin beharko dugu.

Opentrad proiektuaren arrakastak badu lezioa. Proiektua Madrilgo Hezkuntza Ministerioaren Profit dirulaguntza baten bidez finantzatu da. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik ez al du jaso? galde dezake irakurleak. Ba, ez. Egia esan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak ibili izan da itzulpen automatikorako sistemak garatzeko ahaleginetan, baina alor horretan inoiz ez du konfidantzarik erakutsi euskal enpresengan eta urrutiko intxaurren peskizan ibili izan da. Atzen saioa, El Periódico de Catalunyaren itzulpen-sistema garatu zuen enpresarekin egin zuen duela hiru bat urte. Dirutza gastatu bai, emaitzarik ordea ez. Orduan ere, egun Opentraden dabiltzan agenteek argi eta garbi adierazi zioten Kultura Sailari beraiek itzulpen automatikorako sistema egoki bat garatzeko gaitasuna bazutela. Alperrik! Kultura sailak ez zien konfidantzarik eman. Denborak, berriz, gauzak bere tokian utzi ditu eta Kultura sailekoak erratu zirela narbarmen ikusi da.

Beti esan izan dut infoingeniaritza linguistikoak ikerketa-esparru estrategikoa izan behar duela Euskal Herrian. Gure hizkuntzak behar dituen baliabide informatikoak gerok garatzen ez baditugu, inork ez ditu garatuko. Gainera, alor horretan puntako ikerlariak ere baditugu. Baliabide egokiak esleituz gero emaitza egokiak lortuko dira ondorioz. Jaurlaritzan ez dituzte gauzak horren argi inoiz izan. Atzera-aurrera ibili dira auzi horren inguruan. Duda-muda handienak Kultura sailaren aldetik etorri izan dira (kontuan hartu hizkuntza-politika sail horren menpe dagoela). Aurreko Zientzia eta Teknologia planean infoingeniaritza linguistikoa ildo estrategikotzat jo zen. Horren harian, alorreko hainbat euskal eragile bildu ziren eta Etortek 2002ko deialdian Hizking 21 izeneko proiektua bideratzea lortu zuten (Elhuyar, EHU–Ixa, Aholab–, Vicomtech eta Robotiker). Hizking 21 bukatu eta hurrengo faserako finatziazio bila hasi zirenenan, 2005eko Etortek, ez zuten lortu, itxura denez, Kultura sailaren interes ezagatik, kontrako jarrera ez esateagatik. 2006an egoera aldatu egin dela emanten du. Hizkuntza Politikako arduradun berriek jarrera-aldaketa erakutsi dute eta infoingeniaritza linguistikoan euskal agenteen alde egin behar dela eta gure herrian ikerketa-alor estrategikoa dela adierazi dute –neroni lekuko. Hala biz!

posted by Inaki at 9:12 AM

6 Comments:

Post a Comment

<< Home