Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-05-30

Ezpurutasun sindromea (Izarren hautsa, 1999-12-07)

Terminologia zientifikoa finkatzea euskararen normalizazio-prozesuan eginiko lehen urratsetako bat izan zen. Natur zientziei, fisikari eta kimikari buruzko hiztegiek bi hamarkada baino gehiago dute eta gauza bera esan daiteke formula matematikoak irakurtzeko moldeaz. Teknikariek, gaian jakitun zirenek, egin zituzten lan horiek. Horrela behar du izan; hizkuntza normalizatuetan alorreko adituek asmatzen dute hizkera teknikoa eta gero gizarteak eta hizkuntz akademiek bere egiten dute. Oro har, asmatu egin zuten eta beraiek markatutako bidea hagitz emankorra izan da.
Euskal Herrian, ordea, guztiok gara terminologo. Inongo enpatxurik gabe asmatzen dugu teknolekto berria, jada asmatuta dagoen ala ez kontuan hartu barik. Oraindik orain, 'nuklear etxe' (sic) jaulki zidan irrati bateko esatariak nik 'zentral nuklear' esan ostean, etxe hartako hizkuntz arduradunak gomendatuta edo. Komunikabide batean energia eolikoa kudeatzeko baliatzen diren tramankulu horiei 'haize errota' esaten tematu dira, zazpi urteko gure semeari tresna azaltzeko usatuko nukeen terminologia erabiliz; bidenabar, astekari batean, 'errota' huts-hutsik bihurtu dena. Batere tradiziorik ez duen eta euskal zientzialarien artean erabiltzen ez den 'terminologia zientifikoa' inposatzen gotortu dira hainbat itzultzaile eta hizkuntzalari, 36ko gerraren aurretik idatzitako bi liburuxka tradizioaren eta jatortasunaren altxor moduan harturik, garai bereko beste obra batzuetan gaur egunean erabilitakoak sustraiak dituela ezkutatuta. Teknikariek, administrazioak, irakasleek eta ia gure gizarte osoak erabilitako 'ingurugiro' formari muzin egin eta erabilera murritza eta administrazio-babesik izan ez duen 'ingurumen' forma bultzatzen ari da Euskaltzaindia, nahiz eta biak igual-igual jator izan.
'Ezpurutasun sindromea' esaten diot horri. Izan ere, gure artean, antza, hizkuntzarekin, strictu sensu, lan egiten dutenek dute soilik euskararen corpusaren normalizazioan arrazoia eta egiaren labela. Zientzialari eta teknikariok ez gara, aldiz, ez puru ezta garbi ere.

posted by Inaki at 10:05 PM

2 Comments:

Post a Comment

<< Home