Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-05-16

Zenbaki eta unitateez (Izarren Hautsa, 00-02-29)

Gauza jakina da zenbakiak edo unitateak tartean direnean huts egite eta hanka sartze ugari gertatzen direla gure gizartean. Komunikabideak ez dira horretaz libre. Egunkaria honetan bertan duela urte batzuk, tona bat kare-harri ehundaka milioiko etekinak ematen zizkiola harrobi bati irakurri nuen. Inbidia izugarria eman zidan Iñaki Perurenak, milioi asko pezeta berdintzen baitzituen sorbaldaren gainean jasoaldi bakoitzean.
Galiziako egunkari batean, bestetik, kexu ziren energia elektrikoko hornitzaile batek oharkabean herri oso bat 220 watteko argindarrez hornitu ordez 380 wattekoez hornitu zuenean. Hainbat egunetan ibili zen berria joan-etorrian eta inortxo ez zen ohartu unitateak wattak izan ordez voltak behar zutela izan.
Beste batean, Gipuzkoako egunkariarik salduenean argazki-oinak idazten dituenari Ameriketan aurkitutako giza gorpuaren adina 500 urte izatea gutxiegi iruditu ei zitzaion berriari ia orrialde osoa ematen zitzaionez eta hiru zero erantsi zizkion. Elementuak ez zekien artean –eta gero jakinarazi ote zioten auskalo– homo generoko basapiztiak oso joanberriak garela Ameriketara.
Zifren dantza honetan ez dabiltz soil-soilik kazetariak baltsean. Politikariak ere majo jaioak dira zeregin horretan. Kasu honetan, alabaina, nekeza gertatzen da bereiztea guzti-guztietan hanka sartzeak ezjakintasunaren kimuak diren ala beste intentziorik ote dagoen.
Aurreko egun batean, egunkari batean leitu nuen Donostia eta Andoain bitartean N-1 errepidean abidura muga 80 km/h-ra jaitsi nahi dutela trafiko-istripuak murrizteko asmoz. 'Beno, izan daiteke irtenbide bat' pentsatu nuen nire artean mesfidati. Informazio horretan Gipuzkoako Herrilan Diputatuak esandakoak aipatzen ziren: bide puska hori 80 km/h-ko abiaduraz edo 120 km/h-koaz egitean ez zegoela denbora-diferentzia handirik. Harrapa ezak/n hori! Matematikek engainatzen ez badute, 120 km/h-ra joatea 80 km/h-ra joatea baino % 50 lasterrago joatea da. Ez da bada aldea makala!
Uste dut, Diputatu jaunari ez litzaiokeela aldaketa txikia irudituko bere soldatari neurri bereko beherapena egingo bagenio.

posted by Inaki at 8:57 PM

5 Comments:

Post a Comment

<< Home