Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-11-26

Zientzia eta gizartea 2

Gure gizartearen kultura zientifikoaren adierazle. Aurreko egun batean Euskal Herriko errepideetan barna, Euskadi Irratiko 'Aperitifa' saioa irratian. Leihakietaren garaia, Minutu batean lau galderari erantzun beharra; asmatuz gero, hainbat eurotako botea poltsara. Emakumezko bat telefonoaren bestaldean, ahotsaren tonoarengatik adin batekoa. Galderak banan banan: zein da halako trikitilarien azkeneko diskaren izena? Zuzena erantzuna. Zein da Errealaren atzen fitxaketaren izena? Hau ere asmatu. Gogoan ez dudan estilo bereko beste bat. Asmatu. Laugarrena, atzena: zein da eguzki-sistemako zortzigarren planetaren izena? 'Dirua poltsikoan du' pentsatu nuen nire artean. Leihakidearen dudak eta mudak. Ixiltasuna hariaren beste aldean. Azkenik, zalantzaz 'Merkurio?'… Euroak hegan.
Pasadizo bat baino ez. Oso adierazgarria bestalde!

posted by Inaki at 9:14 AM | 8 comments

Zientzia eta gizartea

Aurreko astelehenean Robotiker ikekerta-zentroaren 20. urteurrenaren karian antotutako hitzaldi-sorta batean izan nintzen. Bazuen, propagradatik ekitaldiak, baina baita mamia ere. Zorionak hasteko.
Besteak beste, Universtitat Pompeu i Fabrako Observatori de la Comunicacio Cientifica delakoaren zuzendaria den Vladimir de Semir izan zen hizlari. Vladimir zientzia dibulgatzaile ezaguna izateaz gain, ardura berezia du Bartzelonako udalaren egituran, Kultura Zientifikorako Komisionatua baita. Alegia, bere lana hiritarren artean kultura zientifikoa bultzatzeko ekimenak antolatu eta sustatzea da. Lehenagotik, ardura bera izan zuen zinegotzi izan zenean. Inbiditan begiratzen diot egoerari. Gure udaletxeetan horrelakorik ez dago. Txikiegiak dira Bartzelonarekin konparatuta. Alabaina, diputazio eta jaurlaritzan ere horrelakorik ez dago eta horiek tamaina koxkoxeago dute.
Egia esan. oraintsu arte garrantzia txikia eman diote gure erakunde publikoek zientziaren gizarteratzeari. Zientziaren dibulgazioa egiteko berariazko laguntza-programa publikoak berriak dira: iaz abiatu zuen bat Gipuzkoako Foru Aldundiak (Aralarren ekimenez esan dezagun, bidenabar). EJko 2006ko aurrekontuetan agertzen da lehen aldiz horrelakorik. Horrek ez du esan nahi erakundeek dibulgazioa lagundu ez dutenik, Jaurlaritzak ETBko Teknopolis programa babestea lekuko, baina ez da egon politika zehatzik. Esaterako, Elhuyar aldizkariak euskaraz egiten delako jaso izan ditu diru-laguntzak, ez zientziaren dibulgazioa egiten duelako.
Vladimirrek aipatutakoaren muina hauxe da: I+G+Bn aurrera egin nahi bada, 'ingurune egokia' sortu behar da. Ingurune horretan jakina gizartearen kontzientzia eta kultura zientifiko egokia dago, besteak beste. Kultura zientifikoa duen gizarteak bultzatuko ditu I+G+Bn inbertsioak egitea, bokazio zientifikoak sortuko dira bere baitan (gure zientzia-sistemaren arazoetako bat bidenabar), baloratu eta juzkatu ahal izango ditu teknolgiak jartzen dituen erronkak eta sor ditzakeen onurak eta arriskuak, etab.
Misiolari lan handia egitea fortunatu izan zaigu alor horretan aurreko urteotan. Lurra uztarako prest dagoela ematen du. Kanpotik etorritakoen predikua lur emakorretan eror dadila!

posted by Inaki at 9:11 AM | 3 comments

2005-11-19

Espalazioaz gehiago

Gaurko Paisek dakar berri zehatza. Estatuko 2006ko aurrekontuetan 10,5 milioi euroko diru-partida dago Espalazio-azpiegiturarako PSOEk eta EAJk egin duten negoziazioaren ondorioz. Gogoratu 300 milioiko eraikuntza-kostua izango lukeela! Bestetik, bi administrazioek ez dute finantziazioari buruzko hitzarmena itxi eta hori azpiegitura kudeatzeko eratuko den partzuergoa eratzen denean itxikoa ei da. Prisako egunkariak dioenez partzuergo horretan EHU eta Bizkaiko Foru Aldundia sartuko lirateke besteak beste. Europako xoxen hotsak ere entzu izan dira.
Batzuk somatzen genuen mamua gorputza hartzen ari da. Hemengo erakunde publikoek ere dirutzak jarri beharko dituzte espalazio-azpiegitura eraikitzeko eta horrek zer eragin izango du I+G+Bn usatzen diren funtsetan? Horien kontura izango al da? Ikerketa eta garapenean dabiltzan EAEko agenteak behi meharren garai baten aurrean al daude? Edo, beste alor batetik irtengo da finantzazioak?
Azpiegitura egiteko nahikoa funts lortzea lan zaila izanik ere ez da egitasmo horretan ikuspegi ekonomikotik kezkagarriena. Izan ere, garai batean nik 'polikiroldien sindromea' deitu nuena honekin ere gertatzeko arriskua dago. Franco hil ondoren udaletxe demokratikoak egin zuten azpiegiturazko lehen inbertsiotako bat herrian kiroldegia eraikitzea izan zen. Eraikitzeko diruak biltzen zituzten, Diputaziotik zatirik handienan. Alabaina, kezka eta negarriak gero hasten ziren kiroldegi horien mantentze-kostu handiak dituztela ohartu zirenenean eta udal ekonomian zulo sortzen hasi zirenenan. Kiroldegi bat baino gehiago hondatu zen mantentzeko nahikoa diru ez zegoelako. Espalazio-azpiegiturari ere horrelako zerbait gertatzeko arriskua dago. Izan ere, instalazio horrek lanean irauteko diru-baliabide asko eskatuko ditu bai giza baliabideak baita baliabide materialak ere. Orain arte ez dut deus leitu eraiki ondorengo kostu, diru-sarrera eta erregimen finantziarioari buruz. Horrek asko kezkatzen nau, aurrekoan esan nuenaz gain.

posted by Inaki at 6:01 PM | 6 comments

2005-11-08

Espalazio-egitura zertarako?

Aurrekoan ikerketa-egitura txiki eta bikainen egokitasuna kantatu nuen. Susmo batzuk haizatu egin nituen; megaegitura ba omen zetorrela! Eta badator. Zurrumurru-mailan zebilena, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 'Zientzia eta Berrikuntza-sistemaren Liburu Zurian' aditzera ematen zena, urratsak egiten hasi da. Mamutzarrak badu jada izena. Oraindik orain, urriaren 24an, Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren taldea ez-legezko proposamena aurkeztu du: Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urratsak egin ditzala Bizkaian espalazio bidezko neutroi-iturria izango duen instalazioa kokatzeko. Makroinstalazio horrek Guggenheimen moduko eragina izango lukeela aipatzen da eta hoteletan eguneko 100 ikerlari/tekonologo egongo liratekeela. Zer nahi duzue esatea? Baserritar akonplejatuaren arrazoiak direla.
300 milioi euroko inbertsioa omen da egin beharrekoa. Felix Goñi Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria izandakoaren hitzak usatuko ditut kirtenkeriaren tamaina adieazteko: '300 milloiko zentro bat bizi al da inguruan, 30 milioiko 10 zentro badauzka eta 30 milioiko zentro batek irauten du ingurutan 3 milioiko 10 zentro baldin baditu. 30 milioiko zentrorik ez dugu Euskal Herrian eta 3 milioiko mailako oinarrizko ikerketa egiten duten bi zentro baino ez ditugu' Goñik esan nahi egin nahi denaren moduko zentroak garapen zientifiko eta teknologiko oso handiko eremuetan eraikitzen direla, hor direla eraginkorrak jadanik oinarria egina dutelako. Bat nator analisi horrekin. Nire ikuspegitik bidea 3 milioiko zentroak ugaritzea da, 30 milioiko zentroen oinarria ipintzen joateko eta azkenik etorriko da erraldoia, buztinezko oinak ez dituenean.
Gure zientzialaririk nazioartekoena esaten du Euskal Herrian ez dela epe motzean Nobel saridunik egongo ez dagoelako nahikoa ikerlari- eta bikaintasun-dentsitaterik (nik eransten diot hemen ez dela biziko ados nagoela, baina munduan zehar dugun horietako zientzialari bikainetakoren bat toki egokian eta une egokian egon daitekeela). Bada irizpide bera aplika dakieke ikerketa-instalazioei, gutxi dagoen tokietan (tradizioz zein kopuruz) ezin da bikaintasunezko erraldoia eraiki egun batetik bestera munduko diru guztia mahaiaren gainean jarrita ere. (jarraitzeko)

posted by Inaki at 9:50 PM | 5 comments

2005-11-01

DIPC

Donostia International Physics Centre delakoaren akronimoa. 4 orrialde gaur Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian. Marka da gero! Merezi duenik ez dut ukatzen, are gehiago irailean Einsteini buruz antolatutako kongresu bikainaren ondoren. Alabaina, ez ote da gehiegi? Zientziari toki gutxi eskaintzen ohi dioten komunikabideetan, eta gutxi eskaintzen dio egunkari horrek (adibidez, zientzia-atal finkorik ez du), horrelako oparotasuna interesatua iruditzen zait, ez fede onekoa. Zer egingo diogu, fidakaitzak gara eta?
Izarrak agertzeak on egiten dio zientziari, gazteak zientziara erakartzeko balio dezake; gizartea harro sentitzen da horrelako zientzialariak ditugulako; marketin ona izan daiteke, baina zientzia-jarduna hori baino gehiago da, baita Euskal Herrian ere, eta hori ez da horren sarri agertoki horietan ikusten. Zientzia txikia ere ikusi nahi dut, unibertsitateko, ikerketa-zentro edo enpresetako laborategietan egiten dena eta pertsona normalgoek egiten dutena: Hangoa eta hemengoa. Izan ere, alor horretan urruneko intxaurren hotsa bertakoena baino ozenagoa da sarriegi.
Ez pentsa DIPCren kontra nagonik. Ezta hurrik eman ere! Eredu dela esango nuke. Gauzak nola egin behar diren erakusten du. Eragin eta ospe handiko zentro bikain txikia da. Ez du inork liluratzeko moduko itxurarik, baina eraginkorra da, ispilu da, iman da. Txikitasunean handia da. Hori da gure zientzia-ikerketazko gure etorkizunaren oinarria: zentru bikain, eraginkor, txkiak. Txikia ederra da baita zientzian eta ikerketan ere. Gurearen tamainako herri batek horrelakoak horni ditzake giza zein diru-baliabidez. Malgutasunezko sarea sor daiteke horrela dozenerdi batekin eta munduan, guk aukeratzen ditugun, alorretan erreferentzia izan. Izan ere, aukeratu egin behar dugu non eta nola jo nahi dugun.
Urrutiko intxaurren hotsa hurbiltzen ari zaigu, makroinstalazio zientifiko baten mozorroaz jantzita. Madril aldean negoziatzen ari omen dira batzuren batzuk. Handiaren distirak itsutu ditu. Erratuta dabiltza nik uste. Dinosauru eskleriotiko diru-gozea ekar dezakete eta guk ugaztun arin eta gose-urria behar dugu zientziaren gailurrean egon nahi badugu bederen. Gurean estrategiko txikiaren ugaritasuna da, ez handiaren bakartasuna.

posted by Inaki at 9:39 PM | 5 comments