Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-06-20

EICOS (Izarren Hautsa, 00-05-23)

Zientzi komunitatearen eta gizartearen arteko harremanez behin baino gehiagotan mintzatu naiz orrialde hauetan. Halaber, zientzia eta teknologia gure gizarte moderno eta aurreratuaren kulturaren bazterrezinezko osagaiak direla azpimarratu izan dut. Bestetik, kultura horren transmisioan, batez ere zientzia eta teknologia ziztu bizian aurreratzen ari den honetan, masa-komunikabideen betebeharra funtsezkoa da. Izan ere, komunikabideek kontziente izan behar dute jende gehienarentzat zientziaren errealitatea komunikabideek ematen diotena dela. Jendeak ez du zientziaren garapena bere eguneroko esperientziatik edo eskolatik jasotzen, kazetarien hizkera eta irudikeriaren iragaztietan zehar pasata baizik. Beraz, kazetaritza-lan egokiak jendeak zientziari buruzko irudi egokia izan dezan ekarriko du; erabakiak hartu behar dituenean baloratzeko elementuak izatea, halaber.
Jendeak zientziarekin zerikusia duten erabakiak hartu behar ditu etengabe: Barakaldotarra banaiz, zein jarrera hartu behar dut lindanoa tratatzeko plantaren aurrean? Elikagai transgenikoak jango al ditut?…
Zientzi jardunaren gizarteratze egokia egin nahi bada, zentzialarien eta zientzi komunikatzaileen artean topaguneak antolatu behar dira elkarren arteko ezagutza areagotzeko, batzuen eta besteen kezkak eztabaidatzeko, harreman egokiak sortzeko, sinergietan sakontzeko eta desberdintasunetan adostasunak lortzeko…
Horrelako topagune baten partaide izan nintzen hile honen bigarren astean. Europa osoko 11 zientzi komunikatzaile bildu gara Alemaniako Gotingako Max Planck Institutuan EICOS 2000 programaren barnean. Bertako ikertzaileekin batera aritu gara laborategian lanean biologia molekularrari buruzko oinarrizko kontzeptuak geureganatzeko, zientzialariak nola egiten duten lan ikusteko eta haiekin eztabaidan aritzeko. Emaitza eta ondorioak oso positiboak izan dira. Biologia molekularrari buruzko beste ikuspegi batekin etorri naiz, bere onurez eta arriskuez; zientzi komunikazioaz ere beste ideia batzuk entzun ditut eta, aldi berean, gurekin lanean aritu diren zientzialariek gure kezka eta iritziak entzun dituzte. Antzeko topaguneak guztiz beharrezkoak direla komentzitu naiz.

posted by Inaki at 7:40 AM | 4 comments

2006-06-08

www.msichicago.org/

Amaraunean kuxkuxeoan nenbilen atzo eta horrelako batean, garai bateko oroitzapenak gogora ekarrita, Chicagoko Zientzia eta Teknologia museoaren webgunera jo nuen. Izan ere, duela hogei bat urte bisitatu nuenean inpresio handia egin zidan eta ikusi ditudan zientzia-museoen artean sailkapenaren goi-aldean jarriko nuke.

Orrialde nagusia zabaldu eta mosaiko batean Euskaltel txirrindulari-taldearen kide baten argazkia. Hara, bada! Zer ote? Frantziako tourrari buruzko film baten iragarpena. Filma txirrindulariek egin beharreko ahalegin fisikoari buruz jakina, ez Armstrong-en enegarren tourra irabaztearen balentriaz.

Kuriosoa behintzat bada, Zamudioko enpresak babestutako taldea aukeratzea irudi moduan. Mailotaren kolore deigarria? Euskaltelen marketin-arduradunen abilezia? Su-etena egotearen ondorioetako bat? ala kasualitate hutsa?… Nork daki?

Txirrindulari nor den ez du identifikatzerik izan. Baten batek lagunduko balit,…

posted by Inaki at 9:42 AM | 5 comments

2006-06-03

The Inconvenient Truth

Komeni ez den egia ei da Al Gore AEBetako lehendakariorde ohia predikatzen ari dena. Misiolari lanetan dabilkigu Al politika utzi eta gero. Agi denez, arrakasta, ospe eta onespen handiagoa lortzen ari da zeregin horretan aurrekoan baino. Energia-zarrastelkeriaren herrian, aldaketa klimatikoaren egia ari da zabaltzen. Ez da lan makala, Kiotoz eta gainerakoaz barre egin duen estatu batean edo presidenteak aldaketa klimatikoa hainbat zientzialariren asmakuntza dela uste duen toki batean. Lobbyen paradisuan energiaren lobbyak duen indarra ahaztu gabe.

Zeregin horretan Al Gorek The Incovienent Truth liburua eta filma bultzatu ditu. Bion sustapen-kanpainan dihardu orain. Weborriarekin topo egin dut –egia esan Amazonen bidez etorri zait, inoiz bertan ingurugiro-libururik erosi izan dudalako. Interesgarria gunea. Hagitz yankeea apika. Alta bada, eraginkorra dateke. Promozioaz gain, jendearen kontzientzia pizteko bideak eta kontzientzia lasaitzeko kontseiluak. Ikasteko asko, mamiaz zein azalaz. Azala inportatea baita produktua saltzeko eta nago, sarritan, ingurugiroaren defentsarako gure taldeen diskurtsoaren eta eginen azala ez ote den latzegia.

posted by Inaki at 4:30 PM | 3 comments

Opentrad: itzulpen automatikoa

Aurreko asteartean Opentrad itzulpen automatikorako tresna aukeztu zen. Opentradek gaztelaniatik euskarara, katalanera eta galegora itzultzeko gaitasuna du. Nabarmena denez hizkuntza erromanikoen arteko itzulpenaren zehaztasuna eta egokitasuna oso handia da. Euskararen kasuan kamutsagoa da. Hala ere, % 75eko zehaztasuna lortzen da. Ez gauza txikia. Hasiera baino ez da soilik. Itzultzaileentzat laguntza oso baliagarria izango da, bereziki, esparru berezitako itzulpengintzan dabiltzanentzat. Zorionak Opentrad kontsortzioa osatzen dutenentzat, bereziki, euskal partnerrentzat: Ixa taldea, Eleka eta Elhuyar Fundazioa.

Interes izugarria piztu du tresnak. Opentrad-en web orriara 7.000 bisita egin omen ziren aurkezpen egunean, 40.000tik gora biharamunean. Horrek zerbitzariaren ahalmena gainditu egin du eta, ondorioz, euskararako itzulpenak egiteko sistema ez dabil. Beraz, sistema frogatu nahi dugunok itxaron egin beharko dugu.

Opentrad proiektuaren arrakastak badu lezioa. Proiektua Madrilgo Hezkuntza Ministerioaren Profit dirulaguntza baten bidez finantzatu da. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik ez al du jaso? galde dezake irakurleak. Ba, ez. Egia esan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak ibili izan da itzulpen automatikorako sistemak garatzeko ahaleginetan, baina alor horretan inoiz ez du konfidantzarik erakutsi euskal enpresengan eta urrutiko intxaurren peskizan ibili izan da. Atzen saioa, El Periódico de Catalunyaren itzulpen-sistema garatu zuen enpresarekin egin zuen duela hiru bat urte. Dirutza gastatu bai, emaitzarik ordea ez. Orduan ere, egun Opentraden dabiltzan agenteek argi eta garbi adierazi zioten Kultura Sailari beraiek itzulpen automatikorako sistema egoki bat garatzeko gaitasuna bazutela. Alperrik! Kultura sailak ez zien konfidantzarik eman. Denborak, berriz, gauzak bere tokian utzi ditu eta Kultura sailekoak erratu zirela narbarmen ikusi da.

Beti esan izan dut infoingeniaritza linguistikoak ikerketa-esparru estrategikoa izan behar duela Euskal Herrian. Gure hizkuntzak behar dituen baliabide informatikoak gerok garatzen ez baditugu, inork ez ditu garatuko. Gainera, alor horretan puntako ikerlariak ere baditugu. Baliabide egokiak esleituz gero emaitza egokiak lortuko dira ondorioz. Jaurlaritzan ez dituzte gauzak horren argi inoiz izan. Atzera-aurrera ibili dira auzi horren inguruan. Duda-muda handienak Kultura sailaren aldetik etorri izan dira (kontuan hartu hizkuntza-politika sail horren menpe dagoela). Aurreko Zientzia eta Teknologia planean infoingeniaritza linguistikoa ildo estrategikotzat jo zen. Horren harian, alorreko hainbat euskal eragile bildu ziren eta Etortek 2002ko deialdian Hizking 21 izeneko proiektua bideratzea lortu zuten (Elhuyar, EHU–Ixa, Aholab–, Vicomtech eta Robotiker). Hizking 21 bukatu eta hurrengo faserako finatziazio bila hasi zirenenan, 2005eko Etortek, ez zuten lortu, itxura denez, Kultura sailaren interes ezagatik, kontrako jarrera ez esateagatik. 2006an egoera aldatu egin dela emanten du. Hizkuntza Politikako arduradun berriek jarrera-aldaketa erakutsi dute eta infoingeniaritza linguistikoan euskal agenteen alde egin behar dela eta gure herrian ikerketa-alor estrategikoa dela adierazi dute –neroni lekuko. Hala biz!

posted by Inaki at 9:12 AM | 6 comments