Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-07-10

Bai txerto berria (Izarren Hautsa, 00-07-18)

Lehen begiratuan ideia mundiala dirudi. Txertoa hartu eta gizaki askoren zigorra diren heroinak, kokainak, tripiak edo nikotinak jai dute. Izan ere, txertoak droga blokeatzen du odolean dagoen bitartean eta ez da garunera iritsi. Bidaia hasi aurretik bertan behera gelditu da. Zertarako hartu bada drogarik?
Ingelesez 'vice vaccines' esaten diete, bizio-txertoak hain justu. Txerto hauek ez daude eskura oraindik. Garapen-fasean daude eta bidea luzetxoa izan liteke. Alabaina, hasierako emaitzak positiboak izan dira eta, ondorioz, ezin dira ameskeriatzat jo. Txerto hauek, ohizko txertoen kasuan legez, espezifikoak dira eta substantzia jakin baten efektua baino ez dute blokeatzen.
Garapen teknologiko berri guztiek bezala aho biko ezpata dira txertook eta errealitate bihurtu baino lehen ere kezkak piztu dituzte. Horrelakorik baino hoberik ba al dago baten batek droga-menpekotasuna utzi nahi badu? Ez, jakina. Baina, epaile batek zilegi al du drogaren mirak bultzatuta ari den gaizkile bati txertoa hartzen behartzea? Etorkizunean, umeak drogren kontra txertatuko al dira orain tetanoaren edo polioaren kontra txertatzen diren bezala?
Auzia paratutakoan droga ilegalak etortzen zaizkigu burura bapatean. Garatzen ari den txertoetako bat nikotikaren kontrakoa da. Kafeinaren kontrakoa, ostean? Eta alkohola blokeatuko duena, gero?
Koska asko ditu auzi honek. Gizarteak luze eta patxadaz eztabaidatu beharko du koska horiek leuntzeko eta gutxieneko adostasunera iristeko. Alabaina, bi gauzez jabetuta egon behar dugu. Batetik, milioika lagunek hartzen dituzte drogak plazer huts gisa menpekotasunean jausi gabe. Bestetik, droga-menpekotasunaren muinean ez dago substantzia jakin batetiko menpekotasuna, erro sakonagoko gizarte-arazoak baizik eta alorreko adituek ondo dakitenez, droga jakin baterako bidea itxita duenak beste batekin bilatuko du galdutako paradisua.
Kimikak, huts-hutsik, ez du konpobidea.

posted by Inaki at 7:52 AM

5 Comments:

Post a Comment

<< Home