Izarren hautsa: zientzia eta beste

2005-03-29

Zientzia Afrikan

Afrika, kontinente beltza garai batean. Horrela esaten al zaio oraindik edo politikoki zuzena ez da? Tarzan, safariak, basamortua, ohian tropikala, laku handiak, gizateriaren sorterria, HIESaren pandemia, korrikalari arin ikusgarrien habia, bai bwana, Livinston eta Stanley, Manuel Iradier eta Ginea, swahilia, txokolatea eta bestelako tokipoak baino konplexuagoa da. Eta bertan zientzia egiten da, batzuei sinestea kosta egingo bazaie ere, errealitatea hori beste errealitate gordinago batzuen atzean ezkutatzen dizkigutelako mendebaldeko informazio-iturriek. Izan, bada, eta horren berri Science in Africa kazeta eletronikoan.

posted by Inaki at 6:31 PM | 0 comments

2005-03-25

Zaborrak, errausketa eta beste

Diario Vascoren orrialdeetan hika-mikan ibili dira Gipuzkoako makomunitateetako kudeatzaile teknikoak eta Odon Elortza Donostiako alkatea zaborren kudeaketa dela eta. Jakina da, Gipuzkoako bigarren errausketa-planta Donostian kokatzea proposatu zenean, gure alkate jaun txit prestua nola saltatu zen ideia horren kontra. Kokalekua aukeratzeko prozeduraz kexu zen hasieran baina, gero, politiko azti eta abila izanik gure Odon, errausketaren kontrako txanpa hartzea politikoki profitagarria izan daikiokeela susmaturik edo, errausketaren kontrako bihurtu zen diskurtsoa eta biometanizazioaren aldeako zaborrak tratatzeko modu egoki bezala. Alkateak biometanizazioaren diskurtsoan maiz Bartzelona aldeko ekoparkeak eta eredua aipatu izan ditu. Egia esan, errausketaren aurkako diskurtsoan jarraitu beharreko eredutzat jarri izan dituzte askok, ‘bizirik’ plataforma guzti horietako kideek besteak beste.
Mankomunitateko kudeatzaileek eztabaida horretan Bartzelonako ereduari buruz ekologista batzuk eginiko txostena aipatu dute: Crisi ambiental a Catalunya provocada per la deficient gestió dels residus izenekoa hain justu.
Txostena oso adirerazgarria da eta, besteak beste, zaborren kudeaketaren konplexutasuna agerian uzten du. Ez dago makiltxo majikorik! Zaborren eztabaidan entzutzen ari garen batzuen zein besteen diskurtsoan manikeismoa eta bide bakarreko irtenbideak aipatzen dira sarri. Errausketa soila ez irtenbidea, baina ezta ‘minimizatze-berrerabiltze-birziklatze’ hirukotea ere eta ezta biometanizazio eta konpostajea. Zaborrak tratatzeko manera hauen guztien kudeaketa eta oreka zentzuzko baten baitan egongo da irtenbidea. Halaber, irtenbideak ez du zertan berbera izan behar Gipuzkoan, Nafarroan eta Bartzelona. Tokian tokikoa da jasangarritasunaren oinarrietako bat eta hori zaborren kudeaketari ere aplikatu behar zaio. Gipuzkoa bezalako zolu gutxiko herrialde batean, zabortegietan ahalik eta zabor-kopuru txikiena botatzea segurtatuko duen kudeaketa-sistema ezarri beharko da eta horretan epe motz-ertainean errakusketak tokirik ez duela izango pentsatzea errealitatea ikusi nahi ez izatea da. Errausketa horrek ezaugarri hauek izan beharko ditu: ahalik eta txikiena, errefusa-zatia tratatzeko soilik, kudeaketa publikoa, kontrol sozial eta politiko zorrotza eta gardena eta denborazko muga-epe bat.
Ikus dezazkezuenez Migel Anjel Muñagorriren eta bere lankideen jarrerak gogokoago ditut Odonen, Lozanoren eta gainerako ‘bizirik’enenak baino. Alabaina, ‘Urnieta bizirik’ platafomakoekin zorra du Gipuzkoako gizarteak beraien egoskortasunaren faltan ez baitzen, hain segur, zaborrei buruzko eztabaida gure gizartean horrenbeste zabalduko.
Crisi ambiental a Catalunya provocada per la deficient gestió dels residus txostena eskuratzeko googlen eskatu 'Crisi ambiental a Catalunya provocada per la deficient' eta lehen postuan agertuko zaizu PDF dokumentuan. Katalana ulertzeko arazoak badituze, www.internostrum.com helbidean automatikoki itzul dezakezu gaztelania txukun batera.

posted by Inaki at 4:54 PM | 1 comments

2005-03-24

Julio Verne

Julio Verne hil zela ehun urte gaur. Zenbat urte dira bere libururik leitu ez dudala? Asko. Ez dakit zenbat. 20 baino gehiago izatea liteekena da! Zientzia fikzioaren zale amorratu batentzat kusirosoa egoera. Gazteetako irakurgai izan nituen Verneren liburuak, Karl Mai edo Salgarirenak bezala. Verneren heroiak Sandokanekin eta Winnetourekin nahasi nituen eta guztien artean nagusi, Tarzan. Zenbat bide irakurri eta berrirakurri ditut tximino gizakiaren abenturak? Hamaika eta atzenekoa duela hogei urte baino gertuago… Nire semeekin borroka-jolasetan nabilenean, Tarzanen kagoda esanarazte diet oraindik, errenditzen direla adierazteko.
Zientzia Fikzioarekiko zaletasuna ez zidan Vernek sortu. Telebistako Strar Trecken Spot jaunak (La Conquista del Espacio batailatu zuten TVEkoek seriea eta, memoriak makur jotzen ez badit; bigarren katean ematen zuten) eta aitak etxean zituen B serieko nobela merkeek (espaizioko Estefaniak) eta Clarke eta beste idazle britainiar batzuen lanek sortu zidaten zaletasuna.
Urte hurrena aitzakia Verne leitu beharko nuke atzera. Heldutasuneko irakurgai bihurtuko al ditut?

posted by Inaki at 1:29 PM | 1 comments

2005-03-15

Eguzkia burbuilan

Interneten nabigatzen ari nintzelarik topo egin dut honelako titularra zuen berriarin 'kolapsatzen ari den burbuila baten barruko tenperatura Eguzkiarena baino lau bider handiagoa'. Illinoisko unibertsitateko ikerlari batzuk neurtuta eta unibertsitate horren prentsa-oharra. Tupustean bi izen eta gertaera bat etorri zaizkit gogora: Pons eta Fleischman eta fusio hotza. Betiereko energia zelula elektrolitiko batean, egoera xamurrean lortu ei zuten izarren barneko energia, baina beren aurkikuntza aldizkari ospetsu batean argitaratu ordez, prentsaurreko baten bidez eman zuten. 1989an izan zen hura. Burbuila bat bezala lehertu zen gero.
Errezelatu egin dut berria irakurtzean, leitzen segitu ala ez dudatan egon naiz. Atzenean, aurrera jarraitu dut eta lerro batzuk geroargo Naturen martxoaren 3ko alean illionoistarrek beren lanaren emaitzak argitaratu dituztela irakurri dut. Asperena. Honek itxura serioa du. Ez dakit burbuila barruko eguzki txiki horrek izan ditzakeen ondorio teorikoetatik landa, praktikorik izango duen, esaterako, energia lortzeko edota fusioa abiatzeko erabil daitekeen. Ikusiko dugu! Inportanteena aurkikuntzaren gizarteratzeak bide egokia jarraitu duela da eta gainerako zientzialarien iragazia pasa duela. Hori, atzen aldian, askotxotan ahazten ari direla zientzialari batzuk, ordaintzen dituzten erakundeen presioz hain segur, eta komunikabideen aurrean agertu dira gerora kolapsatu diren aurkikuntzen berri lau haizetara barreiatzeko. Refereen sistemak akatsak ditu, kontserbadorea izateko joera duela besteak beste eta zientziak ere iraultzak behar izaten dituela (Einsteinena orain 100 urtekoa bezalakoa) esaterako, baina zientziaren kalitatea bermatzeko ezagutzen dugun sistemarik onena da, hala ere.

posted by Inaki at 5:14 PM | 1 comments

2005-03-12

Alzheimerra ikusgai

Ez dizuet ukatuko alzheimerrak beldurtzen nauela. Urteetan gora joatearen ondorioz, hain segur. Erabat txolindutako agureak ikusten ditudanean, neronek ere gisa horretan bukatuko ote dudan pentsatzen dut. Gure etxe azpiko atsoaren bilakabidea izaten dut gogoan. Gure semeek ohi baino zarata handixeagoa egin orduko ate joka agertzen zitzaigun Rottermeier muturbeltza izatetik, txolarrearen moduko izaki ganorabakoa izatera pasatu zen hilabete gutxiren buruan. Horrela bizitzerik merezi al du? Ez norberarengatik bakarrik, baita inguruan sortzen duen nahigabe eta loturarengatik ere. Beheko atsoaren senarrari erruki nion lehen eta erruki diot orain, arrazoiak desberdinak izanik ere.
Alzheimerrak ez du sendabiderik eta gainera gaixotasunaren bilakaera klinikoa aztertzeko ez dago modurik. Alzheimerraren adirazlea garunean pilatzen den plaka amiloidea da. Hau proteina-multzoak da aldi berean. Plaka pertsona bizirik dagoenean ez dago detektatzeko modurik eta hil ondoren bakarrik detekta daiteke. Apirileko Nature Neuroscience aldizkarian publikatuko den lan batean, japoniar zientzialari batzuk ohizko eskanerratze-teknologiak usatuz garun bizietan plaka amiloidea detektatzeko modua egin dutela azaltzen da. Plaka amiloideari eransten zaion konposatu bat diseinatu dute eta konposatu horrek erresonantzia magnetikozko irudietan plaka ikusgai egiten du. Arratoiekin egin dituzte orain arteko frogak. Alabaina, bide luzea dago teknika hau gizakiongan diaganosi-baliabide moduan erabali ahal izateko. Bien bitartean, arratoiak aztertuz eritasunaren bilakaera hobeto ezagutzeko eta botika esperimentalak frogatzeko oso baliagarria izan daiteke aurkikuntza hau.
Ez dezagun esperantza gal, txolintzeko garaia iristen bazaigu, erresonantzia magnetikozko diagnosia eskura izango dugula.

posted by Inaki at 7:07 PM | 1 comments

2005-03-10

Homeopatia eta uraren memoria

Badut lagun mina homeopata dena. Jakina, ez gara homeopatiaz mintzatzen zeharo ikuspegi desberdinak ditugulako eta ez dugulako sesioan ibili nahi. Ez dut zalantzan ipintzen homeopatiaz gaixo batzuk sendatzen direnik edo sendatzen laguntzen duenik, baina jarrera positibo baten ondorio besterik ez da. On egiten digula pentsatzen dugu eta on egiten digu. Ez da hori gutxi, alajaina.
Botika homeopatikoek ez dute printzipio aktiboaren arrastorik. Izan ere, printzipio aktiboa hamaika bider diluituz egiten dira botika horiek. Homeopatek diluziorako erabiltzen den urak printzipio aktiboaren memoria gordetzen duela aldarrikatzen dute.
Urak memoria oso azkar galtzen duela erakusten du aste honetako Nature aldizkariko artikulu batek. Horretan esaten denez, etengabe fluktuatzen ari den uraren hiru dimentsiotako egiturak bere molekulak elkarrekiko nola dauden antolatuta ahaztu egiten du uste baino askoz ere azkarrago. R.J.D. Miller eta bere lankideek gelatxo oso mehe batean gordetako ura laser argiak eragindako egitura perturbazioaren iraupena edo molekulek gordatu memoria neurtu dute: 50 fentosegundo edo 0.00000000000005 segundo.

posted by Inaki at 10:21 AM | 1 comments

2005-03-09

Energia-burujabetasuna

EAEko energia-alorreko arduradun politikoei sarri samar entzun diegu 'energia-burujabetasun' kontzeptua energia-planak aurkeztu dituztenean, aurreikusitako produkzioak eskaria askogatik gaindituko zuela leporatu zaienean. EAEren energia-produkzioak ziklo konbinatuko gas-zentraletan oinarrietako bat dauka. Ba, gas-urritasuna dela eta Enagas gas-hornitzaileak Estatuko sei elektrizitate-zentrali hornikutzea etengo die datorren ostegunetik astelehenera birtartean. Tartean, Iberdrolaren Santurtziko ziklo konbinatuko zentrala dago. To, energia-burujabetasuna!

posted by Inaki at 4:12 PM | 1 comments

2005-03-08

Aslan Maskhadov

Errusiako armadak solaskidea hil du: Aslan Maskhadov urte gutxiren buruan errusiarrek hiltzen duten Txetxeniako bigarren presidente hautatua. Esperantzari leihoa ixten ari zaio Txetxenian. Egun tristea elkarrizketaren bidea hautatu nahi dutenetzat. Bazka ederra, ordea, indarkeriaren fedea baino ez dutenentzat. Erruki zaitut Txetxeniako herria!

posted by Inaki at 9:26 PM | 1 comments

2005-03-05

Ingurugiroa lau urte geroago

Gaurko Berria kazetan Sabin Intxaurraga elkarrizketatzen da eta berak zuzendutako sailaren balantze modukoa egiten du. Eusko Jaurlartizaren Ingurugiro sailak, oro har, lan txukuna egin duela uste dut. Inportanteak iruditu zaizkit Jaurlaritzako beste sail batzuk babestutako megaobren aurrean agertutako jarrera kritiko zorrotza, hots, Pasaiako kanpo portua edo Supersur delakoa. Oker ez banago, lehen aldiz gertatu da hori eta, akaso, garai berrien seinale izan daiteke eta ingurugiro-sailak inpaktu-txostenak egite soiletik haratago joateko pisu politikoa izango dutela adieraz lezake.
Ez dut bat egiten gaur Sabinek Euskal Yari buruz esaten duenarekin: Trenbide sare berria egiteak ingurumenean eragin ikaragarria izango duela badakit, baina edozein azpiegituratan irabazien eta kostuen arteko aldea aztertu behar da, eta sare berriaren emaitza baikorra da; kalteak baino handiagoak dira irabaziak. Ba neroni balantze hori egiten dudanean kontrakoa ateratzen zait: Zenbat auto kenduko ditu EAEko errepideetatik? Kontuan, izanik eskualdetik eskualdera eginiko bidaien % 67 ibilgailu partikularrez egiten dela, zenbatean murriztuko da zifra hori Kioto bete ahal izateko? Zenbat pasaerako-kamioi kenduko ditu N-1etik? Zenbat diru-baliabide kenduko dizkio EAE barneko trenbide-sarea artatu, hobetu eta hedatzeari? Balantze horretan Nafarroarekin egin beharreko abiadura azkarreko loturak izango dituen inpaktuak kontuan hartu al dira? Uler dezaket presio handiak egotea, baina Kiotoren izenean Euskal Y-a justifikatzea lartxo iruditzen zait, Sabin.
Beste puntutxo bat jarriko nuke sailaren hutsen artean, hain zuzen ere, Euskaltzaindiak atzen urteotan hartutako erabaki lexikologiko baldar eta ganorabakoenetako biri men egitea: ingurumenari eta iraunkortasunari hain justu.
Positiboetan, bestalde, bi dira oso nabarmentzeko administraziko beste sail batzuekin erkatuta: euskarari emaniko trantamendu duin eta kalitatezkoa eta ingurugiro-balioak zabaltzeko eginiko dibulgazio-lan aparta. Ingurumena.net weborria eta bertan esekita dauden materialak apartak iruditzen zaizkit.

posted by Inaki at 4:38 PM | 0 comments

2005-03-04

Hermafroditismoa gorantz?

Gaurtxe Michael Jacksonen argazkia ikusi dut prentsan eta beti gertatzen zaidan bezala, higuin modukoa sentitu dut bere itxura asexuala ikustean. Era berean, gogora ekarri dit oraindik orain leitu dudan berri bat. Izan ere, AEBetan Illonoisko igelen joera sexuala aztertu dute 1852 eta 2001 artean museetan gordetako aleak ikertuaz. Igelen artean hermafrodistismoak gora egin du DDT eta PCB moduko intsektiziden erabilera handitu ahala. Anfibioei gertatzen zaiena ugaztuneei ere gerta al dakieke?

posted by Inaki at 5:07 PM | 1 comments

2005-03-03

I+G+Bn sinisten al dugu?

Bart Euskadi Ikerketa Sarien emate-ekitaldian izan nintzen. Zorionak lehenik Jon Markaideri eta Gurutz Jauregiri. Xumea izan zen ekitaldia, xumeegia akaso bertan izan ginenen kopuruari begira, edukia zorionez bestelakoa izan zen eta, saridunen hitzaldiak bereziki. Jende gutxi egon ginen, sarituak eta familiartekoak, lehenago Euskadi sariak jasotakoak, unibertsitateetako arduradun batzuk, Hezkuntza saileko ordezkaritza sendoa,… Ikerketaren munduarekin lotutako jende asko falta zen, apenas egon zen Saretek osatzen duten agenteen ordezkaririk. Non ziren zentro teknologikoak? Bide batez, I+G+B alorrean ardura nagusia duen Industria sailaren ordezkari esanguratsurik ez nuen ikusi. Herri honetako kultur erakunde pribatu adierazgarrienen ordekaririk ez nuen ikusi: ez Euskaltzaindiakorik, ez Eusko Ikaskuntzakorik, … Euskal kulturaren mundukorik ere ez. Politikariak, besteetan saldoka egoten direnak: dozena erdi bat espektro politiko osoari begira; PSEkorik ez, Batasunakorik ez, ardura instituzionalak zituztenez aparte EAkorik ez; mundu sozio-ekonomikoaren arrastorik ez, … Ez dakit zeinena den erantzukina gonbidapenak egin zituenarena, gonbita jaso eta paso egin zuenarena edo biena, baina Jonek eta Gurutzek errekonozimendu beroagoa behar zutelakoan nago.
Ekitaldiak prentsan izan duen isla negargarria izan da. Berrian argazki-berria; Deian luzeagoa etxekoa baita, baina han esandako mamiaz deus gutxi; Garan eta DVn ez dut arrastorik aurkitu, atzen honetan Gasteizen izan zelako, akaso.
Zertara datorren erretolika hau pentsatuko duzu honez gero. Bada, Ibarretxe lehendakariak esan zituen hitz batzuen harira. Europarekin konberjentzia lortu omen du EAEk errenta-mailan zein langabezi-tasan. I+G+B alorrean ere konberjentzia lortzea helburu nagusitza jo zuen etorkizunerako. Bide horretan, oinarrizkotzat jo zuen gizartea konbentzitzea I+G+Bn inbertitzea ezinbestekoa dela. Guztiz ados Ibarretxerekin, baina atzoko ekitaldiaren erantzunak oso urrun gaudela erakusten du, herri honetan Nihat-en ebakuntza lehen orrialdeko berri izan daiteke, Euskadi Ikerketa sariak ordea…

posted by Inaki at 12:27 PM | 1 comments

2005-03-01

Oraindik horrela!

Gaur postaz jaso ditut EHUk antolatutako Fantasiazko Ipuin Laburren lehiaketaren oinarriak. Hau leitu dut: 'DIN-A4 orritan aurkeztuko da, alde batetik makinaz hutsarte bikoitzean idatzita, 20 orritatik gora joan gabe'. 'Baten batek, idazmakinaz idazten al du oraindik?' pentsatu dut nire artean. Zenbat karaktere dira 20 orrialde hutsarte bikoitzean? Ba, times new roman 10 gorputzean, 60.000; 12 gorputzean, 54.000; arial 10en, 54.000 eta arial 12n 51.000. Goma bezalakoa da formatua, nahi adina luza edo labur daiteke. Ez dirudi neurtze-sistema oso serioa, antza, serioa izan nahi duen lehiaketa batean. Bi muturreko neurrien arteko karaktere-aldea 4 orrialde estandar baino gehixeago izango lirateke itzulpen batean.
Gizakiok ohitura-animaliak gara. Ez dago dudarik, ez baita hau aro aurreinformatikoaren neurriak oraidik erabiltzen duen lehiaketa bakarra.

posted by Inaki at 3:25 PM | 1 comments

Eguzki-belaontzia

Otsailean ETB2n Tximinoen Planeta seriaren hainbat film bota dituzte arratsaldeetan. Ez onenak ordea! Pierre Boulle-ren La Planete des Singes (1964)eleberriko pertsonaietan oinarrituta egonik ere jitoa izugarria da. Hasiera-hasieratik gertatzen da, filmetan ohizko propultsioa duen espaziontzi batean iristen dira protagonistak planetara, eleberrian, berriz, eguzkiaren argiaz baliatzen zen batean iristen ziren.
Gaurko egunez aurreikusita zegoen Kosmos 1 inoizko lehen eguzki-belaontziaren jaurtiketa. Ez da horrela izango, apirilaren 1erako atzeratu dutelako. Elhuyar.Zientzia eta Teknika aldizkariko martxoko alean bela-ontziari buruzko artikulu bat idatzi dut aurreikusitako programazioaz fidatuta. Zer egingo diogu, ba! Informazio gehiago, Kosmos 1en webgunean

posted by Inaki at 11:03 AM | 0 comments